Pirinioetako freerider onenetarikoak batu ziren joan den asteburuan Astunen, Pirinioetako Freeride txapelketen eta koparen azken fasea jokatzeko. Denboraldi honetan txapelketa bakar batean ere parte hartu ez duten arren, Astunekoan izena ematea erabaki zuten Mirari Aranburuk eta Ekaitz Isasik, besteak beste, aspalditik eskiatzen dutela-eta paraje horietan.
Muturreko eski proba da freeride delakoa. Parte hartzaileek ez dute jakiten mendiaren zein alde edo eremutatik jaitsi beharko duten, bezpera arratsaldera arte. Orduan, antolatzaileen jakinarazpena jasotzen dutenean, ibilbideak aukeratzen dituzte, bailaratik begira jarrita. Mendia jaisteko modua, jaitsierarik ikusgarrienak eta dotoreenak, saritzen dituzte gero epaimahaikideek.
Aranburuk eta Isasik 700 metroko jaitsiera buruz ikasi behar izan zuten bezperan, eta hurrengo egunean ahalik eta geldiune gutxienak eginez jaitsi zuten. Indar eta iraupen handia eskatzen du proba honek eta bidean agertzen diren oztopoak arintasunez gainditzeko trebezia ezinbestekoa da. "Jaisten hasterakoan ia instintiboki asmatu behar da aurrez ikusi eta aukeratutako bide edo lerro osoa, ez dago-eta geratu eta irtenbiderik egokienak pentsatzeko astirik", azaldu dute.
Oso ondo ezagutzen dituzten parajeetan jokatu da txapelketa, eta abantaila hori euren alde zutela aitortu duten arren, eskiatzaile profesionalen aurretik geratzea meritu handia dauka. Alabaina, epaimahaikideenn puntuazioak ezustean harrapatu zituen biak.
- Argazki eta informazio osoagoa: amalurran.blogspot.com.es
∞Lotura duten albisteak:
- Ekaitz Isasi bizkor eta dotore Republika Freeride snowboard txapeketan (2010-04-07)
- Ekaitz Isasi, elurretan akzioan (2009-01-29)