Apirilak 17: Gazte Informazioaren Europako Eguna

elgoibarren.net 2013ko api. 17a, 11:34

 
Gaur, apirilak 17, Gazteentzako Informazioaren Europako Eguna dela-eta, zerbitzua ezagutarazi nahi dute Europa osoko gazte bulegoek, tartean Elgoibarkoak. “Aukera paregabea da informazio zerbitzuarentzat, gazteentzat eskura dituen baliabideak eta doako informazio oso, eguneratu, zehatz eta praktikoa ezagutzera emateko”, azaldu dute.

 
 

 Gazte informazioa zure alde, horixe da, gaur ospatzen den Gazteentzako Informazioaren Europako Egunak gizarteari erakutsi nahi diona.  Elgoibarrek, Gipuzkoako Gazteen Informazio sarearekin, bat egin du Gazteentzako Informazioko eta Aholkularitzako Europako Agentziak (ERYICA) sortutako ekimenarekin. Europa osoan, Gazteentzako Informazio Zerbitzua ezagutzera ematea da helburua. “Bai gazteei, bai komunikabideei  ohartarazi nahi zaie informazioak, berez, eskubidea den aldetik, gazteentzat duen berebiziko garrantziaz”, azaldu dute Elgoibarko arduradunek.

 Elgoibarko haurrentzako eta gazteentzako informazio zerbitzuak biztanle guztiei, bereziki Elgoibarko gazteei, eskura dituzten doako zerbitzu eta produktu guztiak ezagutarazteko aukera hau aprobetxatu nahi du. www.elgoibarkogazteinformazioa.info web gunean “Elgoibarko eta Elgoibartik kanpoko informazio interesgarria” aurki dezakete gazteek; lana, hezkuntza, etxebizitza, astialdia e.a. Horrez gain, beste web gune interesgarri batzuetara loturak eta galderak eta proposamenak egiteko aukera  eskaintzen du web-ak.
Arreta zuzena
 Informazio zerbitzuak bestalde, arreta zuzena egiten du, martitzenetan 10:00etatik 13:00etara eta eguenetan 16:00etatik 19:00etara, Gabriel Kurutzelaegi, 10 ean. Gogoan izan gainera, Gazteentzako Informazio gunean nahiz Interneten, ikasleen, irakasleen eta aterpekideen nazioarteko txartelak egin daitezkela.

Gazte Oporraldiak 2013

1706637643853 Apirilak 17: Gazte Informazioaren Europako Eguna

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen udako ekintzetan izena emateko epea zabalik dago. Hamalau eta hamazazpi urte bitarteko gazteei zuzenduta daude Gazte Oporraldiak. Izen ematea apirilaren 21era arte egin daiteke, haurrentzako eta gazteentzako informazio zerbitzuan ( Gabriel Kurutzelaegi, 10 ) edo eta internetez www.gipuzkoagazteria.net web orrian. Izena ematen duten guztien artean zozketa egingo da maiatzaren 2an. Izena banaka, binaka edo eta hirunaka eman daiteke eta adinaren arabera, leku desberdinak izango dituzte aukeran; hala nola, Zarautz, Zuhatza, Son Bou (Menorca), El Guijo de Avila (Salamanca), Navarredondo de Gredos (Avila) e.a.
Informazio gehiago: