Hekimen: Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren balorazioa

elgoibarren.net 2013ko api. 18a, 15:22

Hekimen elkartearen ustez, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan hedabideentzat diru jaitsierarik ez egotea sektoreak egindako lana onartzea da. Aurrekontuen proiektuaren arabera, euskal hedabideentzat 4.875.000 euro aurreikusi ditu gobernuak, iazko kopuru bera. Baina era berean, Hekimenek kezka agertu du hizkuntza politikarako laguntzen murrizketa dela eta. Hekimen, (Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen Elkartea), euskara hutsean ari diren berrogeita hamar hedabide baino gehiago biltzen ditu, tartean BARREN.


 Diru laguntzen politikari eragitea da Hekimenen asmo lehenetariko bat, eta azken hilabete honetan hainbat bilera egin ditu eragile ugarirekin, besteak beste Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoetako ordezkariekin, euskal hedabideek dituzten proiektuak eta hurrengo urteetarako asmoak azaltzeko. Bilera horietan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen gaia izan da nagusi.

 Aurrekontuen proiektuaren arabera, euskal hedabideentzat 4.875.000 euro aurreikusi ditu EAJko gobernuak, iazko kopuru bera.

 Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendarak azaldutakoaren arabera, Euskal hedabideek diru laguntza politika eraginkorragoa eta zabalagoa eskatu diote administrazioari behin baino gehiagotan, “euskal hiztun komunitateak behar dituen eta eskatzen dituen hedabideak sendotzeko ezinbestekoa” delakoan. Murrizketa etengabekoen erdian iazko diru kopuruari eustea, sektorearen etorkizuna bermatzeko nahikoa ez dela jakin arren, elkarteak egindako ahalegina onartzea dela uste du Hekimenek. “Euskal hedabideen garrantzia eta estrategikotasuna aitortzea, alegia. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzari hain zuzen ere horixe eskatu zion elkarteak, sektorearen egoera ulertzea, eta hurrengo urteetan elkarlanean hasteko oinarriak jartzen laguntzea. Hekimenek uste du aurrekontuen proiektuaren bidez administrazioak hedabideetan jarri duela marra gorria, eta ondo baloratu du jarrera hori”.

“Aurrekontu hauek ez dira nahikoak”
 Hekimenek garbi du, hala ere, aurrekontu hauek ez direla nahikoak sektoreak aurrera eraman behar dituen erronkei heltzeko. “Azken urteetan %15 jaitsi da euskal hedabideentzako diru saila, eta publizitatean ere beherakada iragarrita dago aurten. Euskal hedabideek behin eta berriro esan dute inbertsioak behar direla aurrera egiteko, aldaketa sakonen garaia baita, eta Administrazioak sektorearen garapena lagundu behar duela, diru kopuruak handituta, eta politika iraunkorragoak aplikatuta. Hori dela eta, bere prestutasuna azaldu nahi du hain garrantzitsuak izango diren hurrengo urteetan politika eraginkorrak elkarlanean sustatzeko”.

 Elkartea, halaber, kezkatuta agertu da euskalgintzarako diru sailek eta, orokorrean, hizkuntz normalizazioa helburu duten egitasmoek aurten izango duten diru laguntzen jaitsieraren aurrean.  “Hekimenek, euskalgintzako parte den heinean, kezkaz ikusten ditu jaitsiera horrek ekar ditzakeen ondorioak, eta bat egiten du euskal eragileen artean jaitsiera horrek eragin duen ezinegonarekin”.
 
Lotura duten albisteak: