Elgoibarko Emakumeen Berdintasunerako Udal Kontseilua sortu dute

elgoibarren.net 2013ko api. 23a, 11:32

 
Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Emakumeen Asanbladak eta Haizea emakume taldeak indarrak batu eta Elgoibarko Emakumeen Berdintasunerako Udal Kontseilua sortu dute. Herriko emakumeen eta Udalaren arteko ordezkaritza, partaidetza eta elkarrizketa organoa izango da.

 

Emakumeen Udal Kontseiluak ondoko helburuak izango ditu:
  • Emakumeen eta  gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bideratzen diren herri politikei buruzko erabakiak hartzeko orduan aholkua ematea eta eragitea, organo hau ez baita loteslea izango.
  • Emakumeen mugimenduari zor zaion gizartearen aitorpena bultzatzea.
  • Esparru guztietan benetako parte-hartzea bultzatzea eta emakumeen eskubideak defendatzea. 
  • Udal zerbitzuek eta politikek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen dutela gainbegiratzea.
Bi lan nagusi
 Hasteko, bi lan nagusi izango dituztela azaldu dute Kontseiluko kideek. Batetik, indarrean dagoen Berdintasun Planaren ebaluazioa egingo dute eta, era berean, hurrengo planaren diseinuan laguntza eskainiko diote Udalari. Eta, bestetik, protokolo bat sortu nahi dute, emakumeen aurkako indarkeria kasuetan erantzuna gizarteratzeko.