Bi idazle elgoibartar saritu dituzte Juul hauteskunde literarioetan

elgoibarren.net 2013ko api. 23a, 13:34

Nazioarteko Liburuaren Eguna da gaur, apirilak 23. Eta, liburuekin lotuta, Ikastolen Elkarteak Juul hauteskunde literarioen emaitzak eman ditu. Aurten ere, ikasleen liburu gustukoen artean daude bi idazle elgoibartarrek idatzitakoak: Jasone Osororen Ezekiel eta Jon Eugiren Piraten uhartea, hain justu ere. Bestetik, Liburuaren Egunarekin bat eginez, ipuin kontaketa saioa antolatu du arratsalderako Gotzon Garate Udal Liburutegiak.


 Jasone Osororen Ezekiel liburuak Juul hauteskunde literarioetako lehen saria jaso du DBHko ikasleen artean. Ezekielek laugarren aldiz jarraian irabazi ditu Juul hausteskundeak maila horretan. Kategoria berean, hau da, 12 eta 16 urteko ikasleen artean, hirugarren liburu gustukoena izan da Jon Eugiren Piraten uhartea liburua. Era berean, Jasone Osororen beste liburu bat, Tentazioak, estreinakoz sartu da aurten emaitzetan. Izan ere, batxilergoko ikasleen artean hirugarren aukeratua izan da.
Ikastolen Elkarteak 15. urtez jarraian antolatu ditu Juul literatur hauteskundeak. Joan den apirilaren 18an egin zituzten hauteskundeok eta 14.915 boto eman zituzten Euskal Herriko Ikastoletako ikasleek.

Era berean, Elgoibar Ikastolako ikasleek ere hartu zuten parte Juul kanpainan. Hala, irakurzaletasuna lantzeaz gain, hauteskunde-prozesuari buruzko ezagutzak jaso eta praktikan jarri zituzten. Ikus hemen Elgoibar Ikastolan jaso zituzten emaitzak (PDF)

•Liburuaren Eguneko ekintzak

1706637640275 Bi idazle elgoibartar saritu dituzte Juul hauteskunde literarioetan

Gotzon Garate Udal Libututegiak bat egingo du gaur, apirilaren 23a, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, eta ipuin kontaketa saioa antolatu du Liburuaren Eguna ospatzeko. Oihulari Klown taldeko Belen Azkarate (alboko argazkian) etorriko da ipunak kontatzera liburutegira, 17:00etan. Saio hori, HH5 eta LH1eko haurrentzat zuzenduta dago.