Abian da XII. Plazatik Gaztetxera bertso txapelketa

elgoibarren.net 2013ko api. 25a, 10:36

Plazatik Gaztetxera txapelketa barixaku honetan, apirilaren 26an, hasiko da Deban, eta ekainaren 8an amaituko da Markina-Xemeinen. Lehenengo faseko bigarren kanporaketa Mendaron jokatuko da maiatzaren 4an eta Elgoibarko Gaztetxeak, berriz, bigarren faseko lehen kanporaketako saioa hartuko du maiatzaren 24an. Iazko bideari jarraituta, aurten ere bikoteka parte hartuko dute bertsolariek txapelketan. Aitzol Urain mendaroarra izango da gure ordezkari bakarra.


1706637637606 Abian da XII. Plazatik Gaztetxera bertso txapelketa

Mutriku, Deba, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Mendaro eta Markina-Xemeingo gazte asanbladek antolatuta, XII. Plazatik Gaztexera bertso txapelketa jokatuko da aurten, apirilaren 26tik ekainaren 8ra bitartean. Guztira 16 bikotek hartuko dute parte, beraz 32 bertsolarik. Horien artean da Aitzol Urain mendaroarra. Josu Urain izango du bikotekide. Mendaroko saioan abestuko dute biek, maiatzaren 4an. (informazio gehiago ondoko irudian)

 Txapelketa barixaku honetan hasiko da Deban {Afaria 20:30ean izango da eta saioa 22:30ean}. Dena dela, aurrez, Plazatik Gaztetxera ekimenak 10garren edizioa bete duela-eta Plazatik Gaztetxera Eguna ospatu zuten joan den apirilaren 20an, Mutrikun. Hamar urteotan, 40 saiotik gora antolatu dituzte, 80-100 bertsolari gazte inguru pasako ziren txapelketatik. Orain arte Plazatik Gaztetxerako txapeldunak izan diren bertsolarien saioa antolatu zuten antolatzaileek Mutrikun: Iñigo Eizagirre (2002ko irabazlea), Iñaki Apalategi (2003), Oihana Bartra (2004), Xabi Astigarraga (2005), Gorka Ostolaza (2006), Agin Rezola (2007), Jokin Labaien (2008), Unai Gaztelumendi (2009), Ander Lizarralde (2010), Ane Labaka (2011) eta Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal (2012).
 Mikel Olaizola elgoibartarra eta Eneko Beretxinaga soraluzearra finalera ailegatu ziren iaz, eta txapela irabazteko atarian geratu ziren gainera, buruz buruko finala jokatu baitzuten gero irabazlearen txapela jantzi zuten Xabat Galletebeitiaren eta Nerea Ibarzabalen aurka.

Fase desberdinak

2012ko finaleko irudia. Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal izan ziren irabazleak.

Aurtengo txapelketak fase desberdinak edukiko ditu. Lehenengo fasean, lau kanporaketa jokatuko dira, eta kanporaketa bakoitzean lau bikotek hartuko dute parte. Kanporaketa bakoitzeko bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera. Besteak puntuazioaren arabera sailkatuko dira finalaurrekoetara.
 Bigarren fasean kanporaketa bi jokatuko dira, lehenengoa Elgoibarren, maiatzaren 24an. Kanporaketa horietan zortzi bikotek parte hartuko dute, saio bakoitzean laurek. Bigarren faseko saio bakoitzeko bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera. Beste biak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
Hurrengo zerrendan agertzen dira kanporaketa guztiak eta kantatuko duten bertsolariak.
    FASEKO KANPORAKETAK
Apirilak 26 ostirala – DEBA – Afaria
  • Peru Vidal – Imanol Lekunberri
  • Imanol Uria – Inazio Vidal
  • Hodei Iruretagoiena – Joritz Bastarrika
  • Amaia Urbieta – Iosu Villanueva
Maiatzak 4 larunbata – MENDARO - Bazkaria
  • Aitzol Urain – Josu Urain
  • Eneko Arrate – Aitor Bizkarra
  • Arrate Illaro – Peio Arondo
  • Ander Zulaika – Andoni Zubiaurre
Maiatzak 10 ostirala – SORALUZE – Afaria
  • Eneko Beretxinaga – Maddi Gallastegi
  • Paula Amilburu – Maddi Ane Txoperena 
  • Ander Elortegi – Jon Arano
  • Malen Amenabar – Txaber Ormazabal
Maiatzak 18 larunbata – EIBAR – Afaria
  • Ion Mikel Mujika – Aimar Goenaga
  • Odei Irigoien – Imanol Lizarazu
  • Oihana Iguaran – Unai Mendizabal
  •   Jon Gurrutxaga – Josu Oiartzabal “Xenpelar”
    FASEKO KANPORAKETAK
Maiatzak 24 - ELGOIBARKO GAZTETXEAN - Afaria
  • Debako irabazleak
  • Soraluzeko irabazleak
  • Puntuazioz lehenengoak
  • Puntuazioz laugarrenak
Maiatzak 31 – MUTRIKUKO GAZTETXEAN - Afaria
  • Mendaroko irabazleak
  • Eibarko irabazleak
  • Puntuazioz bigarrenak
  • Puntuazioz hirugarrenak
    FINALA
Ekainak 8 – MARKINA-XEMEINGO GAZTETXEAN – Afaria
  • Elgoibarko irabazleak
  • Mutrikuko irabazleak
  • Puntuazioz lehenengoak
  • Puntuazioz bigarrenak
Saioei dagokienez, bikote bakoitzak lau ariketa egin beharko ditu, hau da, bertsolari bakoitzak bina ariketa. Hurrengoak dira ariketak:
  • Ofizioka Zortziko Handian, hiruna bertso
  • Ofizioka Zortziko Txikian, hiruna bertso
  • Ofizioka Koplatan, bina bertso osatu arte
  • Bakarka doinu eta neurri librean bina bertso
  Ariketa horiek egin ostean, epaileen puntuaketaren arabera, bikote bat pasako da buruz burukora. Buruz burukora pasako den beste bikotea, Plazatik Gaztetxeran ohitura den moduan, publikoak aukeratuko du.
Buruz burukoan ondoko ariketak egin beharko dira:
  • Ofizioka Hamarreko Txikia, hiruna bertso
  • Hitza emanda, bakarka doinu eta neurri librean bina bertso