Herriko taberna guztiek parte hartuko dute Mendaroko II. Pintxo Lehiaketan

elgoibarren.net 2013ko api. 25a, 14:35

 
Mendaroko II. Pintxo Lehiaketa egingo dute asteburu honetan, Mendaron. Hala, espreski lehiaketarako sortutako mokadu txikiak dastatzeko aukera izango da apirilaren 27an eta 28an (12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 21:00etara). Iaz Txirristaka tabernak irabazi zuen estreinako lehiaketa.

 


  Mendaroko Udalak Mendaroko II. Pintxo Lehiaketa antolatu du, joan zen urteko estreinako esperientziak izan zuen arrakasta ikusita. Herriko establezimendu guztiei eman zieten parte hartzeko aukera, eta Udalak jakinarazi du herriko taberna guztiek erabaki dutela parte hartzea: Luzaide, Aitz-beltz, Txirristaka, Toki-alai, Lagun-Betikoak, Uztargi, Chow, Ormola, Arrats eta Menditxo.

Bozketa eta sariak

2012ko pintxo lehiaketako irabazleak eta antolatzaileak.

Epaimahai teknikoak hiru pintxo sarituko ditu: txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu irabazleak, bigarren sailkatzen denak garaikurra eta diploma eskuratuko ditu, eta hirugarrenak diploma. Horrez gain, baina, sari berezi bat ere izango da: herritarren saria. Herritarrek eurek bozkatuko dute. Taberna bakoitzean kutxa bat egongo da, tabernariak emandako kupoian nork bere balorazioa idatzi eta hantxe husteko. Boto guzti horiek batu eta zenbatuko dituzte gero antolatzaileek, eta pintxorik estimatuena sarituko dute. Bozketa horretan parte hartzen duten guztien artean, zozketa bat ere izango da. Irabazleak 10 euroko hamar bono jasoko ditu, lehiaketan parte hartu duten tabernetan gastatzeko.

Lotura duten albisteak: