Otegi eta Egiguren saritu dituzte Gernikan, "bakeari eginiko ekarpenagatik"

elgoibarren.net 2013ko api. 26a, 14:04

 
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea saritu dituzte gaur, Gernikan. Bakearen eta Adiskidetzearen IX. Sariak eman dizkiete, “bakea eraikitzeko egindako ekarpenengatik”. Sari banaketa ekitaldia 12:30ean hasi da eta Garazi Otegik jaso du saria Arnaldo Otegiren izenean eta Maria Egigurenek bere aitaren izenean. (bideoa dauka)


  Arnaldo Otegi Logroñoko kartzelan preso dagoela eta, bere alaba Garazi Otegik eta Jesus Egigurenen alabak, Maria Egigurenek, gurasoen izenean jaso dituzte Bakearen eta Adiskidetzearen IX. Sariak. Egiguren bertan bazen ere, uko egin dio saria jasotzera igotzeari, protagonismo osoa ez erakartzeko. Bakearen eta Berradiskidetzearen alde egindako lana aitortzea dute helburu urtero banatzen dituzten sari horiek. Hain zuzen, Euskal Herrian bakea lortzearen alde egindako lana aitortu nahi diete ezker abertzaleko Arnaldo Otegiri eta PSEko kide Jesus Egigureni. “Helburu zehatz bat lortzeko asmoz, elkar ulertzeko gai izan dira biak, ideologikoki desberdin pentsatu arren”, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñoren hitzetan.

1706637624947 Otegi eta Egiguren saritu dituzte Gernikan, "bakeari eginiko ekarpenagatik"

Sariak jaso ostean, Maria Egigurenek esan du "gorrotoa" eta "beldurra" ezagutu dituela, baina horiek "iraganeko kontuak" izateko nahia azaldu du.
 Ondoren, Jesus Egigurenen hitzak irakurri ditu: eskerrak eman dizkie Arnaldo Otegiri, Frantxua Maitia EEPko presidenteari, "bakearen ministro" Alfredo Perez Rubalcabari, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Patxi Lopezi.
  • arnaldotegi.com web gunean jarri dituzte Arnaldo Otegik, Adolfo Perez Esquivel eta Gerry Adamsek bidali dituzten eskutitzak
 Garazi Otegik jaso du saria Arnaldo Otegiren izenean. Begoña Landak hartu du hitza hurrena, Arnaldo Otegiren gutun bat irakurtzeko. Adierazi du "ohore bat" dela Bakearen Gernika Saria jasotzea, eta Txillarreko baserrian eginiko bilerak izan ditu gogoan. Otegik azaldu du bilera haietan alboratu egin zitutela "alderdikeriak" eta "txikira jokatzeko ohitura", eta "handira" jokatzen hasi zirela.
Sari banaketa ekitaldiko bideoa: (eitb.com)

Bonbardaketa gogoan
 Gernikak-Lumoko herritarrek 1937. urteko apirilaren 26an Condor legioak egindako bonbardaketaren biktimak omentzen dihardute gaur, 76 urte beranduago, “bizitzaren aldeko eta gerraren eta indarkeriaren aurkako oihua" izango diren hainbat ekitalditan. Horietako bat izan da Bakearen eta Adiskidetzearen IX. Sariak banatzea.
 
*Iturria: berria.info