Batetik, hondakin organikoak jasotzeko erabiltzen diren poltsa biodegradagarriak makinetan eskuratu ahal izango dira, udatik aurrera. Herriko lau puntu esanguratsutan jarriko dituzte makinak. Bestetik, pertsonalizatutako txartel batekin irekiko dira edukiontzi marroiak, -gaur egun giltza batekin irekitzen dira-. Udal agintariek aurreratu dute urte bukaera baino lehen banatuko dituztela txartelak. Txartel horiek barnean duten chip-ari esker, jarraipen zehatza egiteko aukera izango du Debabarrenako mankomunitateak, hau da, nork eta zenbat birziklatzen duen jakiteko aukera izango du.
Elgoibarko Udalak emandako datuen arabera, Elgoibarren 2.193 familiak eman dute izena 5. edukiontzia erabiltzeko, "gonbidatuta zeuden familien %50ak, hain justu ere", zehaztu du Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak. Agintariek jakitera eman dituzten kalkuluen arabera, izena eman duten familiek sortutako zaborren %62 inguru biltzen da edukiontzi marroietan, 30.000 kilo hileko, zifra borobiletan. "Gure helburua %100era ailegatzea da", esan du alkateak.
•5. edukiontzia erabiltzeko kanpaina
Etxeko zaborren kudeaketa "oso garrantzitsua" dela nabarmendu du, beste behin ere, alkateak eta 2016 urterako Europak ezarritako helburuetara iristeko herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa izango dela azpimarratu du. Asmo horretan, oraindik izena eman ez duten herritarrak animatu nahi ditu 5. edukiontziaren erabilerara batu daitezen. Herritarren kontzientzietan eragiteko, Elgoibarko Udalak gutunak bidaliko dizkie, datozen egunotan, edukiontzi marroia erabiltzeko izena eman ez duten familiei, “inskriba daitezen”. Era berean, dagoeneko izena emanda duten familiei beste eskutitz batzuk helaraziko dizkie Udalak, gaikako bilketaren inguruan egingo diren urratsen berri emateko.
Edukiontzi marroiarekin bat egin duten familien zalantzak argitzeko pertsona bat etxera joango zaie maiatzean “aldaketen berri emateko, eta poltsa biodegradagarri sorta bat emateko”.
•Hobariak birziklatzeagatik
Aurrekoak izena emateko arrazoi edo motibazio nahikoa ez badira, “zaborren tasagatik kobratzen den tarifa dela-eta hobari berriren bat onartzen bada, hondakin organikoak uzteko edukiontzi marroia benetan erabiltzen duten familiei ezarriko zaie”. Erabiltzaile bakoitzari banatuko zaion txartelarekin egingo dute erabilpenaren jarraipena.
∞Lotura duten albisteak:
- Urtebetean %20tik 30era igo da Elgoibarren gaika sailkatutako hondakin kopurua (2013-01-16)
- Zaborren inguruko ondorioak (Okil Beltzak, 2012-09-20)
- Herriko auzo guztietara ailegatuko da 5. edukiontzia aste honetan (2012-09-14)
- Santa Ana eta Santa Klara kaleetara maiatzean ailegatuko da edukiontzi marroia (2012-04-24)
- Debabarrena Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen eskualdea dela salatu du Bilduk (2012-04-23)
- Biohondakinen gaikako bilketan izena emateko aukera zabalik oraindik (2012-02-14)
- Aurki iritsiko da Elgoibarrera edukiontzi marroia, biohondakinak jasotzekoa (2012-01-13)