La Sportiva Gore-Tex Mountain Running Cup izeneko nazioarteko txapelketako lehen proba puntuagarria jokatu zen zapatuan, apirilaren 27an, Arratzun (Bizkaia). Parte hartzaileek 32 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten Arratzu inguruko mendi eta muino garrantzistuenak zeharkatuz: Ereño (610 m), Iluntzar (720 m) eta Arrola (590 m). 2.000 metroko desnibelaz gainera, eguraldi baldintza gogorrei aurre egin behar izan zieten proba amaitzea lortu zuten 174 lagunek, kaskabarra, euria eta haizea izan zituzten-eta (ikusi bideo honetan).
Ionut Alin Zinka izan zen azkarrena, laugarren urtez jarrian. Gazteizen (Araba) bizi den errumaniar jatorriko antxitxikariak 2:36:47ko denbora ezarri zuen helmugan. Elgoibarko korrikalariei dagokionez, Iñigo Lariz 32. postuan sailkatu zen, 03:06:26 denborarekin. Iñaki Etxabek, berriz, 94. postuan zeharkatu zuen helmuga (3:44:48) eta Edu Uribek 145. postuan (04:22:58). Mendi Lasterketa blogean irakur dezakezue Uribek proba honen inguruan idatzi duen kronika.
•Aizkorriko maratoirako prestaketa bide onetik
Emakumezkoetan, errenta handiarekin irabazi zuen Maite Maiorak Arratzuko proba (03:11:26). Ia zazpi minutuko aldea atera zion helmugan Uxue Fraile nafarrari. Helmugaratzea, hain justu ere, Iñigo Lariz elgoibartarrarekin batera egin zuen Maiorak, ondoko argazkian ikus daitekeenez. Emanuela Brizio italiarra sailkatu zen hirugarren postuan. Behin baino gehiagotan irabazi du Briziok Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta horixe da, hain justu ere, Maiorak aurtengo denboraldian bere buruari jarri dion helburu nagusietakoa, Aizkorriko maratoian aurrenekoekin egotea. Beste askok ez bezala, parte hartzea ziurtatuta du Maiorak, denboragatik dortsala lortu duten emakumezkoen zerrendan sartuta dago-eta mendaroarra. Maiatzaren 26an jokatuko da XII. Zegama Aizkorri mendi maratoia.
*Argazkiak: Iosu Juaristi eta Edu Uribe. Argazki gehiago: busturialdea.hitza.info