Gipuzkoako Karting Kopa irabazi du Julia Agirrek hirugarrengoz

elgoibarren.net 2013ko api. 29a, 22:17

 
Gipuzkoako Karting Kopa jokatu zen asteburuan Olaberriko zirkuituan. Foru Aldundiak eta zirkuitua kudeatzen duen Vilariño Motorsport enpresak antolatutako txapelketan, 12 eta 15 urte arteko 65 neska-mutilek hartu zuten parte eta Julia Agirre mendaroarra izan zen guztietan azkarrena. Txapelketa hau irabazten duen hirugarren aldia da, 2010koa eta 2012koa ere berk irabazi zituen-eta.

 
 
 VI. Gipuzkoako Foru Aldundiko Karting Kopako partaideek 200 zentimetro kubikoko kartekin korritu zuten Olaberriako zirkuituan. Joan zen apirilaren 21ean entrenamendu libre eta kronometratuak egin zituzten, 15 minutuko saioak burutuz, eta, azkenik kalifikaziorako baliagarriak ziren 12 buelta eman zizkioten zirkuituari. Horietan Julia Arregik lortu zuen itzulirik azkarrena egitea, eta, honenbestez, irteera parrillako aurreneko postua bereganatu zuen.

Julia Agirre akzioan. 2012ko Gipuzkoako Karting Kopa irabazi zueneko irudia.

Hala, lekurik onenetik irten zen domekan jokatu zuten lasterketan eta amaierara arte eutsi zion lehen postuari. Pista bustian ere primeran moldatzen dela erakutsi zuen gidari mendaroarrak. Ziurtasunez eta arrisku gehiegi hartu gabe, baina abiadura handian egin zituen itzuliak eta helmugan 12 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari.
Aurten lortutako garaipenaz gainera, 2010ean eta iaz ere irabazi zuen proba hau Julia Arregik. Alabaina, aurtengoa garaipen "oso garrantzitsua" izan dela nabarmendu dute bai Juliak eta baita bere hurbilekoek ere, "aurrera jarraitzeko kemena ematen duten garaipen horietakoa" dela azaldu dute, "diru arazoak direla-eta" karting txapelketa gutxitan izan baitu parte hartzeko aukera.