Gaztetxoen Elgoibarko txirrindularitza lasterketa jokatuko da zapatuan Mendaron

elgoibarren.net 2013ko api. 30a, 15:04

 
Alebin, benjamin eta infantil mailako txirrindularitza proba jokatuko da zapatuan, maiatzaren 4an, Mendaron. Elgoibarko Lagun Taldeak antolatutako lasterketa da, eta Debabarreneko nahiz Debagoieneko txirrindulari gaztetxoek parte hartuko dute.



 Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute alebin eta benjamin mailetan federatu gabeko Mendaroko haurrek nahiz beste edozein herritakoek ere izango dutela parte hartzeko aukera, eta hala, bizikleta eta kaskoa hartuta industriagunera agertzeko dei egin die Mendaroko Txirrindulari Elkarteak.

 Benjaminen kasuan (2002. urtean jaiotakoak), nahikoa izango dute nork bere bizikleta eta kaskoa hartuta agertzea irteerara. Alebinen kasuan (2001. urtean jaiotakoak), berriz, parte hartzeko, haurrak asegurua (Eskola Kiroleko aseguruak balio du) izan beharko du derrigorrez. 16:15ean hasiko da benjamin mailakoen lasterketa, eta 16:30ean alebinena. Infantilen lasterketa 17:00ak aldera hastea aurreikusten dute antolatzaileek.
 
 Iaz, Imanol Alvarez elgoibartarra izan zen azkarrena infantiletan. Aurten ere garaipena errepikatzeko faborito argienetakoa izango da Lagun Taldea elkarteko txirrindulari gaztea, oso indartsu hasi du-eta denboraldia. Dagoeneko hiru garaipen eskuratu ditu: Oñatiko, Eskoriatzako eta Aretxabaletako lasterketak irabazi ditu.