Kiribil badator berriz ere gure artera

elgoibarren.net 2013ko api. 30a, 15:39

Maiatzaren 3an hasi eta ekainaren 14ra bitarteko egitaraua antolatu du Elgoibarko Izarrak, Kiribilka programaren barruan. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazo ezagunen laguna den Mari Kalanbre ipuin kontalari ezagunaren bisitarekin emango zaio hasiera Kiribilen etorrerari, barixakuan. 17:45ean, hasiko da saioa Kultur Etxeko Sotoan.


 Maiatzaren 3an berriz ere plazara itzuliko da Kiribil, baina horrez gain gurasoentzako ikastaro bat eta familia-irteera bat ere antolatu ditu Elgoibarko Izarrak. Plazako ekintzak, Mari Kalanbre ipuin kontalariaren bisita, gurasoentzako ikastaro bat eta familia-irteera bat batzen ditu uda bitarteko Kiribilka programaren egitarau berriak. Hona hemen ekintzei buruzko zehaztasun gehiago:

Mari Kalanbre ipuin kontalaria
  Mari Kalanbre ipuin kontalariaren bisitarekin jarriko da martxan, maiatzaren 3an, Kiribilka programaren uda bitarteko eskaintza. 17:45ean hasiko da saioa Kultur Etxeko Sotoan.
Kiribilen bisita barixakuetan
  Maiatzaren 10ean, maiatzaren 31an eta ekainaren 14an Kalegoen Plazara etorriko da Kiribil ohi duen moduan, bere betiko lagunekin kantu eta jolas artean ondo pasatzera. 17:30etik 18:30era bitartekoak izango dira saioak. Plazara gerturatzen diren guraso eta umeei euskal jakiei, kirolei eta jaiei buruz berak dakiena erakusten ahaleginduko da Kiribil.

Gurasoentzako ikastaroa: birziklatutako materialekin egindako eskulanak
 Maiatzaren 19an, domekan, gurasoei eskulanak egiten erakustera etorriko da Kiribil. Zehazki HH4-LH2ko ikasleen gurasoei erakutsi nahi dizkie eskulanak. Baina Kiribil berezia den moduan, berak egindako eskulanak ere bereziak izan ohi dira eta egiten dituen eskulan gehienak birziklatutako materialekin egiten ahalegintzen da. Horregatik, berak ezagutzen dituen eskulanak nola egin erakutsiko die maiatzaren 19an 11:00etatik 13:00etara Atxutxiamaikak Plaza Txikian daukan lokalera gerturatutako gurasoei. 6 euro balio ditu ikastaroak (4 euro bazkideentzako). Gurasoen seme-alabentzako zaintza zerbitzua eskainiko dute. 
IZENA EMATEKO: Elgoibarko Izarraren bulegoan (ubitarte 4, behea) edo Internetez hemen klik eginda. AZKEN EGUNA: maiatzak 13

Familia-irteera Sagardo-etxera (Astigarraga)
  Ekainaren 2an, domekan, familia artean Astigarragako Sagardoetxea museoa ezagutu nahi du Kiribilek. Sagardoa egiteko prozesua nolakoa den erakusten du Astigarragako paisaia ederrez inguratuta dagoen museoak. 10:00etan irtengo dira autobusean Elgoibartik (King-Kong) eta 11:00etan museoaren bisita gidatua egin ondoren Sagardo bidearen ibilaldiaz gozatuko dute. Santiago mendiko ermitan bazkalduko dute (norberak etxetik eramandako jatekoa) eta bazkalostean Kiribilekin jolasean jardun ondoren, 17:00etan hartuko dute etxerako bidea. 8 euro ordaindu beharko dira pertsonako (bazkideek 7). 
IZENA EMATEKO: Elgoibarko Izarraren bulegoan (ubitarte 4, behea) edo Internetez hemen klik eginda. AZKEN EGUNA: maiatzak 13

1706637609642 Kiribil badator berriz ere gure artera

1706637609689 Kiribil badator berriz ere gure artera