Adineko egoitzetako langileek hiru eguneko greba egin zuten joan den otsailaren 27an, 28an eta martxoaren 1ean. Egoitzetako eta eguneko zentroetako langileen hitzarmen kolektiboaren negoziazioetan izandako adostasun falta izan zen greba egitearen arrazoia orduan, eta orain ere arrazoi beragatik jo dute berriz grebara. ELA sindikatuko ordezkari Iñigo Zubeldiak Berria egunkariari eskainitako adierazpenetan azaldu duenez, hiru dira grebara deitzeko arrazoiak: "Batetik, hobekuntza klasikoak daude, soldataren igoera eta edukien ingurukoak. Bestetik, guretzat oso garrantzitsua da Espainiako Gobernuaren erreformak ez izatea eraginik Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Hirugarren aldarrikapena ere erreformarekin lotuta dago, eta sinatzen dugun akordioa blindatua gelditzeko eskatzen dugu".
Gainera, datozen egunetan patronalekin akordiorik ez badago, maiatzaren 13an greba mugagabera deituko duela iragarri du ELAk.
ELAk emandako datuen arabera, grebaren jarraipena ia erabatekoa (%92) da zahar-etxeetan eta %80koa eguneko zentroetan. Adegiren arabera, aldiz, langileen %90 lanean ari da. Eusko Jaurlaritzak gutxiengo zerbitzuak ezarri ditu greba egunotarako. Zahar etxeetan %50 izan beharko dira gutxiengo zerbitzuak.
Gipuzkoan guztira hiru mila langile baino gehiago ari dira adinekoen zentroetan lanean.
Gipuzkoan guztira hiru mila langile baino gehiago ari dira adinekoen zentroetan lanean.