Regionalak hil ala biziko partida jokatuko du Ilintxaren aurka

elgoibarren.net 2013ko mai. 2a, 14:33

Regional mailako C.D. Elgoibar taldeak hil ala biziko partida jokatuko du, zapatuan (maiatzak 4), Ilintxa S.D. taldearen aurka, Mintxetan (16:30). Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, jaitsiera postuetan sartuta daude elgoibartarrak eta mailari eusteko garrantzi handiko hiru puntu jokoan izango dira legazpiarren aurkako partidan. Zaleen babesa ezinbestekoa dutela ohartarazi dute taldekideek.

 
 Regional mailan hiru talde jaisten dira mailaz, eta atzetik hasita hirugarren dira elgoibartarrak sailkapen nagusian {14. postuan, 27 punturekin}. Salbazioa, baina, puntu batera daukate, 13. postuan sailkatuta dagoen Mutrikuarrak SBB taldeak 28 puntu ditu-eta.
 Gauzak horrela, liga amaitzeko geratzen diren bi partidak irabaztera derrigortuta dago ia Regional mailako C.D. Elgoibar taldea.
  29. jardunaldian, Ligako azkenaurrekoan, Elgoibartarrek Legazpiko Ilintxa futbol taldea hartuko dute etxean, Mintxetan. Eta, mutrikuarrek, berriz, partida gogorra jokatu beharko dute Ordizian, sailkapeneko hirugarren postuan dagoen taldearen aurka.

Zaleen babesa ezinbestekoa izango da. Arg: Twitter (@elgoregi)

Ligako azken jardunaldian Zumaiako F.T. taldearen aurka jokatuko dute elgoibartarrek eta Anaitasuna C.D “B” taldea hartuko dute etxean mutrikuarrek. Zumaiarrak sailkapeneko 10. postuan daude une honetan eta seigarrenak dira azkoitiarrak. Hortaz, sailkapenari begiratuta, partida zailagoei egin beharko diete aurre mutrikuarrek. Alabaina, euren esku dago mailari eusteko aukera. Elgoibarrek, aldiz, geratzen zaizkion bi partidak irabazten saiatu beharko du, eta mutrikuarrek egiten dutenari adi egon.
 

 2010-2011. denboraldian Ohorezko Mailara igo zen gaur regional mailan ari den talde hau, baina, iaz, maila galdu zuten berriro, eta aurten ez lukete beherago joan nahi. Taldeko lau jokalari ez beste guztiak elgoibartarrak dira {bi mendaroar eta bi eibartarrek jokatzen dute taldean}