Elgoibarko Institutuko langileek murrizketen aurkako kanpaina hasi dute

elgoibarren.net 2013ko mai. 3a, 10:39

“Murrizketa gutxiago hezkuntza gehiago” leloa duten kamiseta beltzak jantzita joan ziren lanera Elgoibarko Institutuko (IES Elgoibar-Arreiturre BHI) hainbat langile, joan den barixakuan. Eta aurrerantzean ere, barixakuero, halaxe egiten jarraituko dutela azaldu dute, “azken urteetan bizi ditugun etengabeko murrizketen aurrean gure desadostasuna adierazteko”.


 Azken urteotan jasandako murrizketek langileen soldatetan eta lan baldintzetan "ondorio kaltegarriak" izan dituztela salatu du Elgoibarko Institutuko langile talde batek. Arazoaren muina, baina, zabalagoa dela uste dute eta euren kezkak eta haserrea gizarteratu nahi dituzte. Izan ere, murrizketek irakasleei bakarrik ez, ikasleei ere ondorio txarrak ekarri dizkiela, eta gehiago ekarriko dizkietela, gaineratu dute, “murrizketek kolokan jartzen dute ikasleek jasoko duten hezkuntzaren kalitatea. Etorkizuna jokoan dute”, diote. Honela zehaztu dute: “Ikasgeletako ratioa, hau da, ikasle kopurua, igo egingo da; ez da ordezkapenik egingo apenas, eta egitekotan beranduegi ailegatuko dira ordezko irakasleak; familiei eskaintzen zaizkien diru-laguntzak ere murriztu egingo dira eta ikastetxeek funtzionatu ahal izateko behar dituzten baliabideak, obrak eta bestelako gastuak, besteak beste, ekidin egingo dituzte”.
 Neurri horiekin guztiekin hezkuntzaren kalitatea “gutxitu” egingo dela pentsatzen dute institutuko langileek eta egiten diharduten protesta ekintza honekin, gauza bat laga nahi dute argi: ez daude Hezkuntzan murrizketa gehiago onartzeko prest.
 Euskal Herriko txoko askotako ikastetxetan hasi dira gisa horretako protesta ekintzak antolatzen.