Denboraldi aparta egiten ari da Imanol Alvarez infantil mailan arituko den azken urtean. Iaz ere oso ondo moldatu zen urte bat gehiagoko txirrindularien artean, eta denboraldi honetan, infantiletako bigarren urtean, erabatekoa da errepidean erakusten ari den nagusitasuna. Oñatiko, Eskoriatzako eta Aretxabaletako lasterketak irabazi ostean, Elgoibarko Txirrindulari Saria irabazi zuen zapatuan Mendaron.
Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari taldeak gaztetxoentzako lasterketak Mendaron egitea erabaki zuen iaz, Mendaroko industriaguneek ibilbide luzeagoak prestatzeko aukeraz gain, txirrindularientzako segurtasun handiagoa eta lasterketa gainbegiratzeko aukera hobea eskaintzen dutela-eta, besteak beste. Kadete mailara pasa arte, hau da, 15 urte bete arte, txirrindulari gaztetxoak ez dira errepidera irteten eta zirkuitu itxietan egiten dituzte lasterketak.
Lasterketei dagokionez, Aitor Altube oñatiarra izan zen azkarrena benjamin mailako lasterketan, eta Enaitz Garaik eta Aimar Erostarbek lagundu zioten podiumean. Alebinetan, Aratz Iraola azkoitiarra izan zen irabazlea, Mikel Orbea herrikidearen aurretik. Ander Blazkez oñatiarra sailkatu zen hirugarren postuan. Arrasateko Alaitz Beloki izan zen neskarik azkarrena. Azkenik, infantiletan, hau da, 13 eta 14 urteko neska-mutilen lasterketan, Imanol Alvarezek lortu zuen garaipena, bigarren urtez jarraian. Sprintean nagusitu zen elgoibartarra. Iñaki Salaberria urretxuarra eta Beni Leon azkoitiarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan. Irati Barrena izan zen lehen neska. Hona hemen gaztetxoen Elgoibarko txirrindulari lasterketan jasotako hainbat irudi.
•ARGAZKIAK: