Uztargi tabernak irabazi du Mendaroko bigarren pintxo lehiaketa

elgoibarren.net 2013ko mai. 7a, 11:32

 
Uztargi tabernak aurkeztutako pintxoak irabazi du Mendaroko II. Pintxo Lehiaketa. Epaimahaikideen arabera, “zapore, testura eta originaltasunean” puntuazio altuena eskuratu zituen. Menditxo tabernak, berriz, Herritarren Saria irabazi du, 8,5eko batezbesteko puntuazioarekin.



 Mendaroko II. Pintxo Lehiaketa egin zuten apirilaren 27an eta 28an, eta, epaimahaia bildu eta boto guztiak zenbatu ostean, Mendaroko Udalak irabazleen izenak ezagutarazi zituen joan den eguenean.

Antolatzaileak eta sarituak elkarrekin.

Uztargi tabernak aurkeztutako pintxoak jaso du epaimahaiaren lehen saria, "zapore, testura eta originaltasunean" puntuazio altuena lortu eta gero. Epaimahaikideek 99 punturekin saritu zuten. Bigarren geratu zen pintxoak, Menditxo tabernak prestatu eta aurkeztutakoak, 93,5 puntuko nota jaso zuen eta puntu erdi gutxiago hirugarren saria eskuratu zuen Txirristaka tabernako pintxoak. Iaz, pintxo lehiaketaren estreinako edizioan, lehen saria lortu zuen Txirristaka tabernak.

 Herritarren Sarian estua izan da lehia. Parte hartu duten hamar tabernek nota oso onak jaso dituzte, 6,7koa izan delarik batez besteko nota baxuena. Puntuaziorik altuena Menditxo tabernak aurkeztutako pintxoak jaso du, 8,50 notarekin. Lagun Betikoak taberna (8,46) eta Txirristaka (8,00) sailkatu dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.

 Mendaroko Udala “oso pozik” dago pintxo lehiaketaren bigarren ekinaldiak izan duen parte hartzearekin. “Eguraldi onegia egin ez zuen arren, herritarrak pozik ibili ziren pintxoak jaten eta baita tabernariak ere, euren tabernak beteta ikusi zituzten-eta”, azaldu du Sonia Garcia Mendaroko alkateak. Mendaroko taberna guztiek parte hartu izana ere nabarmendu du.
•ARGAZKIAK:

Bigarren saria, Menditxo taberna.

Hirugarren saria: Txirristaka taberna.

Herritarren Saria: Menditxo taberna.

Sariketako irabazlea: Marian Idiakez (esk.)

 

Lotura duten albisteak: