Eneko Gonzalez gailendu da Villabonako Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketan

elgoibarren.net 2013ko mai. 7a, 15:14

Aurresku eta Soinu Zahar Ligako azken kanporaketa jokatu zen zapatuan Amasa-Villabonako Gurea Zinema antzokian. Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako lau dantzarik (ondoko argazkian) hartu zuten parte Villabonako saioan eta emaitza onak eskuratu zituzten. Gure ordezkarien artean, Eneko Gonzalez nabarmendu zen, lehen postua eskuratu zuen-eta bere mailan. Datorren asteburuan jokatuko dira finalak Errenterian eta Legazpin.



 Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen Aurresku eta Soinu Zahar Ligako azken kanporaketa jokatu zen asteburuan Villabonan. Guztira 36 dantzarik (22 neska eta 14 mutil) hartu zuten parte Villabonako saioan, eta Iker Belintxon (Lezo) A sailean, Eneko González (Elgoibar) B sailean eta Nerea Videira (Oiartzun) izan ziren onenak epaimahaikideen iritziz.

 Elgoibarko dantzariei dagokionez, Eneko Gonzalezek lortu zuen lehen postuaz gain, Villabonan dantzan egin zuten hiru neska elgoibartarrek postu onak eskuratu zituzten: Leire Astigarraga (4. postua), Amaia Astigarraga (10. postua) eta Maialen Loiola (15. postua). Haritz Euskal Dantzari Taldeko harrobiak fruituak ematen jarraitzen duela erakutsi dute, beste behin ere, dantzariek eta irakasleek.
Finalak Errenterian eta Legazpin
 Aurresku eta Soinu Zahar Ligako finala datorren asteburuan jokatuko da. Zapatuan, maiatzaren 11n, mutilen txanda izango da, Errenterian jokatuko dute-eta finala. Han izango dira bi dantzari elgoibartar: Eneko Gonzalez eta Gaizka Uranga. Neskak domekan, maiatzaren 12an, lehiatuko dira Legazpian jokatuko den finalean. Hauek dira Elgoibarko ordezkariak: Oihane Agirrebeña, Nerea Sasiain, Leire Astigarraga eta Alaitz Egaña. Ligan parte hartu duten 45 dantzarietatik hamabost sailkatu dira finalerako, tartean lau elgoibartarrak.
 
Lotura duten albisteak: