Hamaikasax Sasofoi Elkarteak antolatuta, saxofoi joleen topaketa hauek urtero herri ezberdinetan antolatzen dira eta aurtengoa, seigarren ekinaldia, Elgoibarren egingo dute zapatuan (maiatzak 11). Euskal Herriko hamar musika eskoletako 102 saxofoi ikasle eta irakasle batuko dira Elgoibarren.
Kalejira jendetsu batekin emango diote hasiera topaketari, 12:30ean. Ondoren, Lekuederreko parkean jarritako karpan bazkaldu ostean, kontzertu bat emango dute guztiek Elgoibarko Herriko Antzokian. 16:30ean hasiko da kontzertua. Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolako ikasleek bi pieza joko dituzte: Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete) eta Easy Haka (J.D. Michat). Kontzertua doakoa izango da.
Emudafe, Elgoibarko musika eta dantza federakuntza, Elgoibarko Udala eta Euskal Herriko Musika Eskolen laguntzarekin antolatuko dute Hamaikasax Eguna.
- Ikusi hemen: Herriko Antzokian emango duten kontzertuaren egitaraua (PDF)
Duela bi urte, 2011ko maiatzaren 30an, beste instrumentu batek hartu zituen herriko kaleak, Debabarreneko txistularien alardean parte hartu zuten 220 lagunen txistuen doinuek, hain justu ere.