Concepto Egilek Kataluniako Montcada taldearen aurka jokatuko du mailaz igotzeko kanporaketa

elgoibarren.net 2013ko mai. 9a, 10:41

 
Liga txapelketa irabazi ostean, Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du Concepto Egile areto futbol taldeak. Atzo egin zuten kanporaketen zozketa, eta Kataluniako Broncesval FS Montcada taldearen aurka jokatzea egokitu zaio Debabarrenako taldeari. Kataluinian jokatuko da joaneko partida, maiatzaren 18an, eta Olaizaga kiroldegian itzulerakoa, maiatzaren 25ean.


Broncesval FS Montcada taldea.

Bigarren B Mailako hirugarren multzoan lehiatu da aurten Bartzelonako Broncesval FS Montcada taldea. Liga irabazteko aukerak izan dituzte azken jardunaldira arte, baina mailari eusteko borrokan ari zen Esparraguera taldearen etxean 5 eta 4 galdu zuten azken partiduan, eta sailkapeneko bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Hortaz, aurkari gogorra izango du aurrez aurre Concepto Egilek Bigarren Mailarako bidean.
 
 Kanporaketa prestatzeko partidua jokatuko du Concepto Egilek barixaku honetan, maiatzaren 10ean, Iruñean. Lehen Mailan diharduen Triman Navarra taldea erabiliko dute sparring moduan.
 CD Debabarrena areto futbol klubeko arduradunek, mailaz igotzea lortuz gero, Bigarren Mailan beharko luketen aurrekontua osatzeko lanean jarraitzen dute, baina zenbat diru beharko duten "erreferentziarik gabe" ari direla aitortu dute.