Auzitegi Nazionalak hamarna urteko kartzela zigorra ezarri
zien, ETAren zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Ondoren,
Auzitegi Gorenak epai hori berretsi zuen, nahiz eta zigorrak
murriztu. Otegiri eta Diezi hamar urtetik sei urte eta erdira jaitsi
zien zigorra, eta Jacinto, Rodriguez eta Zabaletari zortzi urtetik
seira.
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto, eta Arkaitz
Rodriguezen abokatuek lau motibo nagusi argudiatu zituzten joan zen
ekainean Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jartzean:
errugabetasun printzipioa urratzea, inpartzialtasunaren printzipioa
urratzea, akusazio printzipioa urratzea eta justizia eraginkorrerako
eskubidea urratzea.
Babes helegitearekin batera, defentsek Auzitegi
Gorenaren epaiaren betearazpena bertan behera uzteko ere eskatu
zuten. Auzia aztertzen den bitartean zigor epaia eteteko eskatu
zuten, babesa emanez gero inputatuei egindako kaltea ezin izango
litzatekeelako konpondu. Izan ere, bost inputatuak preso daude.
Epaiaren betearazpena bertan behera utziz gero, bost presoak aske
geldituko lirateke. Helegiteak tramitera onartuta, atal berezi bat
irekiko du epaiaren beterazpena eteteko eskaera aztertzeko, eta
aldeei jarrera agertu eta argudiatzeko aukera emango lieke.