Pako Iriondo omenduko dute Morkaikoren Egunean

elgoibarren.net 2013ko mai. 9a, 15:40

Morkaiko Mendizale Elkarteak 70 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, Morkaikoren Eguna ospatzearekin batera, elkartearen sortzaile eta sustatzaileetako bat omenduko dute arduradunek: Pako Iriondo. Morkaikoren Egunak hirugarren ekinaldia izango du zapatuan, maiatzaren 11n, eta aurrekoetan moduan Elgoibarko Itzuliak, umeentzako Itzulitxoak eta Finalista Egunak bat egingo dute mendizaletasunaren jaian.(goian, iazko bideoa)


 Mendizaletasunaren bueltan ume zein nagusiek bat egiten duten eguna izatea lortu du Morkaikoren Egunak. 2011n erabaki zuten Morkaikoko arduradunek Elgoibarko Mendi Itzuliarekin batera umeentzako irteeraren bat antolatzea eta, Finalista Eguna ere sartu zuten egitarauaren barruan. Aurreko urteetan 500 bat lagunek hartu izan dute parte Morkaikoren Egunean, eta euririk egiten ez badu, zapaturako ere partaidetza handia espero dute antolatzaileek. Elgoibarko Itzulirako, esaterako, 200 lagunetik gora daude izena emanda dagoeneko. Oraindik izena eman ez dutenek zapatuan bertan ere izango dute aukera, Kalegoen plazan bertan. 18 urtera artekoek 10 euro ordaindu beharko dituzte (bazkideek, 7 euro) eta 18 urtetik gorakoek 17 euro (bazkideek, 13 euro).

Pako Iriondo.

Goizeko seiretan abiatuko dira Plaza Handitik Elgoibarko Itzuliko parte hartzaileak, eta hiru ordu beranduago, 9:00etan, irtengo dira Elgoibarko Itzulitxoko partaideak (10:00etan Idotorbetik irteteko). Plaza Handitik Idotorbe-San Pedrora igoko dira mendizale gazteak, eta handik, Iruiturri eta Morkaiko pasatu ondoren, Aiastia-San Migelera iritsiko dira, 12:00ak alderako. Indarrak hartuko dituzte han, mokadutxoa janez.
Finalista Eguneko dominen banaketa 13:30ean hasiko da Kalegoen plazan, eta, ondoren, Pako Iriondori omenaldia egingo diote. 1943an Morkaiko Mendizale Elkartearen sortzaileetako bat izan zen Pako Iriondo. 1953tik 1959ra arte bera izan zen elkarteko presidentea.
Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak