Iaz igoera lortu ostean, Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatzen dihardu Elgoibarko Viento Sur saskibaloi taldeak, eta, ligako azken jardunaldira mailaz igotzeko aukerekin ailegatu da. Horretarako, nahi eta nahi ez, Aluminios Francisco Alberdi taldeari irabazi beharko diote domekan Olaizaga kiroldegian jokatuko den partidan (18:00). Partida gogorra izateko zantzu guztiak ditu, bi taldeek baitute zerbait jokoan. Etxekoek igoera playoffetan sartzeko aukera, eta, bisitariek, berriz, Liga txapelketa irabazteko eta maila igoera zuzenean lortzeko aukera, bigarren postuan sailkatuta daude-eta.
Esan bezala, garaipenak ez dio igoera playoffetarako sailkapena ziurtatzen Elgoibarko taldeari. Partida irabazita ere, Eibarko Ruigal taldeak Zarautzeko Leihoak Zast taldearen aurkako partida galtzea komeni zaie. Eta emaitza hori ematen ez bada ere, Errenteriako Oiarso taldeak Donostiako Cafés Aitonari irabazita, mailaz igotzeko kanporaketak jokatzeko sailkatuko dira elgoibartarrak, betiere Aluminios Francisco Alberdi taldearen aurkako partidua irabazten badute. Hortaz, euren esku dagoena egiten saiatuko dira, domekako partida irabazten, alegia. Horretarako eskatu dute zaleen babesa.