Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzea lortu du Tecnifuellek

elgoibarren.net 2013ko mai. 13a, 07:48

Azken partiduan BM Valladolid taldearen aurka 26 eta 27 galdu arren, lehen postua eskuratu du Tecnifuelle eskubaloi taldeak asteburuan Elgoibarren jokatu den Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketan. Hala, iazko arantza ateratzea lortu dute senior neskek, eta, emakumezkoen eskubaloiko dibisiorik gorenetik urrats batera dagoen Zilarrezko Ohorezko Mailako taldea da orain. (argazkiak dauzka)


  Aurreikusita zegoen gidoia jarraituz, Elgoibarko kanporaketako irabazleak, beste bost igoera kanporaketetako irabazleen aurka jokatu behar zuen orain, beste igoera fase batean. Kanporaketa horiek, baina, bertan behera laga ditu Espainiako Eskubaloi Federazioak. Joan zen ostegunean eman zuen federazioak hartutako erabakiaren berri. Zilarrezko Ohorezko Mailak hurrengo denboraldian izango duen lehiaketa egitura airean dagoela-eta erabaki dute kanporaketa gehiago ez antolatzea. Gainera, egungo egoera ekonomikoa kontutan izan dutela azaldu du Federazioak. (irakurri hemen osorik federazioak argitaratutako oharra).
 Hortaz, asteburuan jokatu diren sei kanporaketa faseetan parte hartu duten 24 taldeek lortutako emaitzekin sailkapen bat egingo dute, eta, Espainiako Eskubaloi Federazioak aurki ospatuko duen Batzar Orokorrera arte itxaron beharko da gauzak argitzeko, bertan erabakiko dute-eta zenbat talde eta zenbat multzotan banatuta arituko diren datorren denboraldian Zilarrezko Ohorezko Mailan. Baliteke igoera faseetako irabazleak bakarrik sailkatzea edo baita talde gehiago ere agian, beste aukera batzuek zabalik daude-eta.
ARGAZKIAK:

Elgoibarko kanporaketako sailkapena:
    1. postua: TECNIFUELLE ELGOIBAR
    2. postua: BM VALLADOLID
    3. postua: BM VALSEQUILLO CANARIAS
    4. postua: UC DOSA BM CANTABRIA

Elgoibarko igoera kanporaketako partiduen emaitzak eta informazio osoagoa sanlo.net web gunean.