Maite Maiorak bigarren egin du Erlaitz Aiako Harriak mendiko maratoi erdian

elgoibarren.net 2013ko mai. 13a, 13:11

 
Euskal Herriko mendi lasterkari onenetarikoek hartu zuten parte domekan, III. Erlaitz Aiako Harriak mendiko maratoi erdian. Gizonezkoetan Aritz Egeak irabazi zuen proba eta Oihana Kortazar izan zen azkarrena emakumezkoetan. Maite Maiorak mendaroarrak, baina, estu hartu zuen munduko mendi lasterkari onenen artean dagoen Kortazar elgetarra.

 


 Denboraldi honetan makina bat mendi lasterketa irabazi dituzte Maite Maiorak zein Oihana Kortazarrek, baina orain arte elkarren aurka lehiatu gabe zeuden. Erlaitz Aiako Harriak mendiko maratoi erdian neurtu zituzten indarrak estreinakoz domekan, eta biak sasoi puntu onean daudela erakusteaz gain –gogoan izan Zegama Aizkorri mendi maratoia maiatzaren 26an jokatuko dela- borroka eta ikuskizun aparta eskaini zuten.
 Azkenean, Oihana Kortazar (Elgeta, 1984) ailegatu zen lehen postuan helmugara. Bi ordu, sei minutu eta hamazazpi segundoan osatu zuen lasterketa. Denbora horrekin gainera, probako errekor berria ezarri zuen elgetarrak. Maite Maiorak (Mendaro, 1980) minutu bat eta 28 segundo gehiago behar izan zituen (2:07:45), Erlaitz Aiako Harriak mendi maratoi erdiak dituen ia 23 kilometroko ibilbide malkartsua osatzeko.
 Maiora oso gustura agertu da egindako lasterketarekin, eta, bereziki, Oihana Kortazar moduko puntako atleta batengandik gertu ibili izanagatik. “Sekulakoa izan da Oihana Kortazarrekin orpoz orpo lehiatzea”, adierazi du. Bi lasterkariek Aizkorriko maldetan jarrita dituzte orain begiak eta asmoak.

1706637576626 Maite Maiorak bigarren egin du Erlaitz Aiako Harriak mendiko maratoi erdian

 

1706637576722 Maite Maiorak bigarren egin du Erlaitz Aiako Harriak mendiko maratoi erdian

 S.D. Erlaitz mendi elkarteak antolatzen duen proban 334 lagunek hartu zuten parte eta Aritz Egea urretxuarrak irabazi zuen proba, Hassan Aitchaou eta Oier Ariznabarrearen aurretik.

Lotura duten albisteak:

 

  *Goiko argazkia: Iosu Juaristi.