Eneko Gonzalezek bigarren postua lortu du Gipuzkoar erako aurresku txapelketako finalean

elgoibarren.net 2013ko mai. 13a, 15:35

Asteburuan jokatu dira Euskadiko Neskatxena eta Gipuzkoar erako aurresku txapelketako finalak. Mutilak Errenterian lehiatu ziren, zapatuan, eta Eneko Gonzalez dantzari elgoibartarra txapelketa irabazteko atarian geratu zen, bigarren postuan. Neskek, berriz, Legazpin jokatu zuten finala, eta, finalerako sailkatutako lau dantzari elgoibartarren artean, Alaitz Egañak lortu zuen posturik aipagarriena, 5. postuan sailkatuta.



 Aurresku eta Soinu Zahar Ligako finalak jokatu dira asteburuan, Errenterian eta Legazpian. Gipuzkoar erako aurresku txapelketaren finala jokatu zen lehendabizi, joan den zapatuan, Errenterian. Sailkapena lortu ostean, Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako bi ordezkarik dantza egin zuten finalean, Eneko Gonzalezek eta Gaizka Urangak, hain justu ere. Lehena bigarren postuan sailkatu zen, eta 5. postuan bigarrena.

1706637576165 Eneko Gonzalezek bigarren postua lortu du Gipuzkoar erako aurresku txapelketako finale

Domekan, berriz, nesken txanda izan zen. Legazpian jokatu zen Euskadiko Neskatxena txapelketaren finala. 45 dantzarik hasi zuten txapelketa eta hamabost onenak sailkatu ziren finalerako, tartean lau elgoibartar. Maila ona erakutsi zuten laurek Legazpian eta emaitza onak lortu zituzten: Alaitz Egaña (5. postua), Oihane Agirrebeña (9. postua), Leire Astigarraga (13. postua) eta Nerea Sasiain (14. postua).
 
Lotura duten albisteak: