Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Elgoibarren estreinatu zuten, joan den urteko azaroaren 17an, euren azken ikuskizuna: Sentitu, pentsatu, ekin!. Harrez gero, emanaldi ugari eman dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, eta Mendarori ere ailegatu zaio orain txanda. Mendaroko Udalak antolatuta, ekainaren 7an, -barixakua-, eskainiko dute saioa Mendaroko Ikastolako jolastokian, 18:00etan hasita. Sarrerak 7 euroan eskuratu daitezke Morroskillo dendan.
•Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizunaren sinopsia
Ospakizun urtea dugu pailazook aurtengoa, izan ere, amona Josefinak 100 urte beteko baititu! Pirritxen, Porrotxen, Mari Mototsen eta Pupu eta Loreren eskuetako hatzak zein oinetako behatzak ere behar dira halako zenbaki potoloa zenbatu eta osatzeko! Pailazoak eta lagunak amonaren baserrira joango gara gure amona eta jada birramona ere badenarekin festa egitera. Zaharra bezain polita, argia eta irudimentsua da amona. Guztiek zoriondu nahi dute Josefina maitagarria. Bada norbait , ordea, festa zapuztu nahi duena, eta gu oztopatzen saiatuko dena etengabe. Lortuko ote du? Ala maitasuna eta alaitasuna gailenduko ote dira azkenik? Zatoz gurekin batera amona Josefinari zorionak zuri abestera!
- Informazio gehiago: katxiporreta.com