Garikoitz Mendizabal (Zestoa, Gipuzkoa, 1973), Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendaria eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteko presidentea da, eta baita Elgoibarko dultzainero taldeko kidea ere. Sosegua bakarkako bere bigarren lana da. Hiri Records disketxeak kaleratu zuen 2009an. Disko horretako piezak zenbait musikari ezagunek bereziki konposatutakoak dira, horien artean Kepa Junkerak. Bilboko trikitilariaz gainera, Pello Ramirez (Txeloa), Mariano Santamaria (pianoa), Ohiane Igerabide (arpa), Xabier Zabala (Soinua eta teklatuak) eta Iñaki Telleria (perkusioak) moduko ospe handiko musikariak izango ditu alboan Elgoibarren eskainiko duen kontzertuan. Barixaku honetan, maiatzaren 17an, izango da, Elgoibarko Herriko Antzokian, 20:30ean hasita.
Sosegua izeneko lan honekin, orain arte txistuarekin gutxitan adierazi diren sentimentuak kanporatzen dituela azaldu du Garikoitz Mendizabalek; maitasuna, nostalgia, tristura, alaitasun neurtua, poza, e.a. Era berean, txistuaren familia osoa kontutan hartuta, tresna desberdinak darabilzki, eta honen bitartez, jende aurreko itxura ere zertxobait “modernizatu” nahi izan du.
Erritmo, doinu eta emozioen bilduma honetan, "Txistuaren bilakaera mugatu duen tradizio horretatik abiatuta, gaurkotasun kutsu bat eman nahi izan diot musika tresna eder honi, orain dela gutxi arte guztiz eskuragaitza zirudien helburuaren iparra galdu gabe".
Sentimentu horiek adierazteko lau musikagileen lanaz baliatu da: Santi Ibarretxe, Josu Elberdin, Xabi Zabala eta Kepa Junkera.
•Txistularien alardea zapatuan
Zapatuan ere txistu doinuak izango dira nagusi Elgoibarren, txistularien alardeari esker. 12.15ean kalejiran irtego dira hainbat txistulari eta 13:00etan kontzertua eskainiko dute Kalegoen plazan.