Udal Gobernuak 2011tik indarrean dagoen zaborren planera batzeko eskatu dio Bilduri

elgoibarren.net 2013ko mai. 16a, 11:06

Hondakinen kudeaketa hobetzeko EHBildu Elgoibar koalizioak aurkeztu zuen proposamenari erantzun dio Elgoibarko Udal Gobernuak. “Bilduk egin behar duena zera da, 2011ko urritik indarrean dagoen zaborren planera batu, eta han jasota dauden lan ildoak jarraitu", azaldu du Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak. Era berean, hondakin organikoen gaikako bilketaren inguruko hainbat zifra jakinarazi ditu Elgoibarko Udalak, edukiontzi marroiak kale eta auzo batzuetan beste batzuetan baino harrera hobea izan duela, esaterako.



  Hondakinen kudeaketa hobetzeko EHBildu Elgoibarrek joan zen astean prentsaurrekoan aurkeztu zuen proposamena “ekarri txikikoa” izan da Elgoibarko Udal Gobernuko ordezkarien ustez. "On beharrez egindako lankidetza aitortza izan zen, ...eta kitto!. Ez zuen ezer esaten", adierazi du Alfredo Etxeberriak. Eta honela azaldu du Udal Gobernuaren iritzia: "Ez dugu asmo onak saldu nahi dizkigun inoren beharrik. 2011ko urritik indarrean dagoen zaborren kudeaketa plana daukagu, eta Bilduk plan horretara batu beharko luke".
 Alkateak ohartarazi du ez dela batera eta bestera zabuka ibiltzeko unea. Aitzitik, Europak ezarritako helburuak (2016rako hondakinen %60 birziklatzea eta 2020rako %75) betetzeko euskal erakundeek "estrategikoki planifikatuta" dituzten egitasmoak betetzeko asmoa berretsi du, beste behin ere.
  Era berean, legegintzaldiko lehen bi urteetan Bilduk erakutsitako jarrera gaitzetsi du. Bere iritziz, Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten hondakinen kudeaketa sistemari oztopoak jarri besterik ez dio egin Bilduk. "Eta, orain, legegintzaldiaren erdian gaudenean, eta Legazpin hondakinen inguruko galdeketa egin berri dutenean, hondakinen gaikako bilketa sistemaren emaitzak hobetuko duen egitasmoa proposatzen dutela diote. Gai honetan ezin dugu ahaztu mankomunitate baten parte garela eskualdea osatzen dugun herriak, eta horiekin partekatu behar ditugu ahaleginak eta emaitzak. Bi urteren ostean, edukiontzi marroia martxan dago Elgoibarren, Eibarren, Ermuan, Soraluzen... eta, aldiz, atez atekoa oraindik ez da ezarri herri bakar batean ere". Gaizki egindakoak onartu eta gehiengoak adostutako akordioekin bat egitera deitu ditu Etxeberriak Bildukoak, eta elkarlanean aritzeko prest dagoela jakinarazi die: "Pozik arituko ginateke elkarlanean" adierazi du. Era berean, Europak ezarritako helburuak lortzeko modukoak direla uste du, ez du zalantzarik horretan. Horretarako, baina, bakoitzak dagozkion ardurak bete beharko dituela dio. “Herritarrei hondakinak etxean gaika kudeatzea baino ezin diegu eskatu. Ezin diegu esan hondakinak opari paperean biltzeko, eta, gainera, poltsa horrek usainik eduki ez dezala eskatu. Eta, Bilduk orain arte jakinarazi digunaren arabera, Elgoibarren aginduko balute atez atekoa jarriko lukete. Hori horrela balitz, zer egiteko asmoa dute berriz erabiliko ez diren hondakin kopuru handi horrekin?. Kontuan izan behar da zabortegiak debekatu dituela Europak".

“Ez dugu auzo bakar bat ere edukiontzi marroirik gabe lagako”
  Elgoibarri dagokionez, abiapuntuan denak ados daudela esan du Etxeberriak, "badirudi denok ados gaudela kontu batean: Hondakinen gaikako bilketaren emaitzak hobetu behar dira. Bide onetik goaz eta denon artean hobetuko ditugu bilketa tasak”. Ildo beretik hondakinen gaikako bilketa kudeatzea Udalaren zeregina dela azaldu du. Helburuak betearaztea, baina, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa erakundearen ardura dela zehaztu du. “Edukiontzi marroian jasotzen diren hondakinen kudeaketa ere GHKren ardurapean dago. Hortaz, auzoetan konpostagailuak jartzea, Bilduk Altzolarako proposatzen duen moduan, alferrikako konplikazioa bat gehiago da. Inork uste badu Brigadako langileak konpostajean jarriko ditugula, jai dauka. Gainera, ez dugu auzo bakar bat ere edukiontzi marroirik gabe lagako. Eta konpostajea egin nahi duenak, baldintzak betetzen baditu, Udalean eska dezake behar den material guztia".

Elgoibarko familien erdiak eman du izena edukiontzi marroiak erabiltzeko kanpainan
  Gaur egun, Elgoibarko familien erdiak bat egin du, edukiontzi marroiaren bitartez, hondakin organikoen gaikako bilketarekin. Elgoibarko Udalak eman dituen datuen arabera, herritarrak hondakin organikoak bosgarren edukiontziaren bidez biltzera animatzeko kanpainari hasiera eman zitzaionetik, herriko 4.389 familia gonbidatu dituzte bilketa mota honetan parte hartzera, eta horien artetik, 2.209 dira izena eman dutenak.

Kaleka eta auzokako datuak

Edukiontzi marroi bat Santa Ana kalean.

Nolanahi ere, Udalak, oraindik ere hondakin organikoen gaikako bilketan izena eman ez duten familiak animatu nahi ditu, herritarrentzako arreta bulegoan izena eman dezaten. Han jasoko dituzte ontzi bat, edukiontzi marroia irekitzeko giltza eta poltsa biodegradagarri sorta bat. Dena dela, deigarria da edukiontzi marroiak gure udalerriko kale eta auzo batzuetan beste batzuetan baino harrera hobea izan duela. Izan ere, Aita Agirre inguruan bizi diren bizilagunen % 80k izena eman duen bitartean, Ermuaranbide eta antzeko kaleetan izena eman dutenak apenas ez dute % 30 gainditzen.

 

Lotura duten albisteak: