Presoen alde, plazak betetzera deitu du Herrirak zapaturako

elgoibarren.net 2013ko mai. 16a, 15:28

Kalebarren plaza betetzeko deia egin du Herrirak zapaturako (maiatzak 18). Bakea lortzeko bidean, presoen eta erbestean dauden herritarren eskubideak errespetatzeko eskatu du Herrirak: presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea, kartzela zigorren luzatzeak amaitzea eta bizi osorako espetxe zigorra suposatzen duten neurriak derogatzea.
 Gainera, zapatuko ekitaldiari soinu banda jarri dio Elgoibarko Herrirak. Letrak Uxue Alberdik jarri dizkio eta Koello-104 talde elgoibartarrak jarri dio musika. Goiko bideoan entzun dezakezue Herrirak sortutako kanta. (abestiaren letra eta egitaraua dauzka)


 Herrirak planteatzen dituen eskaerei bultzada emateko eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei pausuak emateko exijitzeko, plazak betetzeko deia egin dute maiatzaren 18rako. Elgoibarren Kalebarren plaza betetzera deitu dituzte herritarrak zapaturako.
 12:00etan batuko dira, eta 12:30ean aterako dute argazkia. 15:00etan elkartasun bertso bazkaria egongo da Lekuederren eta arratsalderako musika saioa antolatu dute.

•Elgoibarko Herrirak sortu duen kantaren letra:

 Zatozte tabernara,
zatozte dantzara,
zatozte merkatura,
sukaldeetara,
neguko sutondora,
udan, terrazara,
eguzki epelera
ta euri jasara...
Zuen zain gaude eta
zatozte plazara.

 Giltzapetu nahi arren
sarri burgesiak
bihotzean dauzkagu
banderen geziak
askatasunerako
garenez heziak
badira horma hilak
ta horma biziak
kartzelen aurka
jaso herri harresiak.

 Sentimentuak ezin
dira hormaz ito,
hortan saiatu arren
hainbat politiko
mendekuzale, zuri,
eskuindar ziniko.
Konponbidea ez da
hortik etorriko:
maite duen herria
ez da inoiz hilko.
 
Lotura duten albisteak: