Txistularien alardeak 200 musikari inguru batu zituen San Bartolome parrokian

elgoibarren.net 2013ko mai. 20a, 18:26

Kalegoen plazan egitea aurreikusita bazegoen ere, eguraldiaren ondorioz, San Bartolome parrokia barruan egin zuten txistularien alardea. Inazio Bereziartua Dantza eta Musika eskolak antolatutako kontzertuan, 200dik gora musikarik eta abeslarik hartu zuten parte, eta Haritz Euskal Dantzari Taldearen 40. urteurrena gogoan eduki zuten. Goiko bideoan ikus ditzakezue kontzertuko zenbait une. (argazkiak eta bideoa dauzka)


 Kontzertua bakarrik ez, aurreikusita zegoen txistularien kalejira ere bertan behera laga behar izan zuten, eguraldiaren ondorioz, joan den zapatuan egin zuten txistularien alardean. Hala, San Bartolome parrokiako arkupeetan pieza bat jo zuten txistulariek eta parrokiara sartu ziren gero, Joseba Garmendiak zuzendu zuen kontzertuan parte hartzeko. Eliza beteta zegoela eskaini zuten kontzertua 200dik gora musikari eta abeslarik. Hainbat herritatik etorritako txistulariak batu ziren Elgoibarren: Mendaroko, Eibarko, Ermuko, Aretxabaletako, Arrasateko, Barakaldoko, Gasteizko eta Elgoibarko txistulariak, besteak beste. Horiekin batera, Elgoibarko Parrokiako abesbatzak, Soraluzeko musika eskolako eta Ezoziko Ama abesbatzak, Azkoitiko Iraurgi abesbatzak eta Aretxabaletako koruak ere hartu zuten parte kontzertuan. Haritz Euskal Dantzari Taldeko hainbat kidek ere hartu zuten parte ekitaldian, aurten 40 urte bete dituela-eta, dantza taldea omendu nahi izan baitu Inazio Bereziartua musika eskolak.

  Musika eskolak urtero prestatzen du musikarekin zerikusia duen ekitaldi handi bat. Orain dela bi urte ere txistua izan zen protagonista, Debabarreneko txistularien alardean. Eta aurten ere txistu doinuen inguruan eraikitako kontzertua prestatu dute. Txistularien alardearekin instrumentu hau ezagutarazi eta daukan irudia indartu nahi izan dute, gero eta jende gutxiago hurbiltzen baita txistua jotzen ikastera.
•ARGAZKIAK:(guztiak Picasan)
 
BIDEOA: