Concepto Egilek irabazi egin du igoera playoffetako joaneko partida, Bartzelonan

elgoibarren.net 2013ko mai. 20a, 21:37

 
Bigarren Mailara igotzeko kanporaketako joaneko partida jokatu zuten Broncesval Montcada eta Concepto Egile areto futbol taldeek Bartzelonan. Bi bider markagailuan atzetik izan ostean, emaitzari buelta eman zioten elgoibartarrek (2-3), Buitre jokalariak sartutako hiru golei esker. Itzulerako partida zapatuan, maiatzaren 25ean, jokatuko dute Olaizaga kiroldegian (18:30).



 Bartzelonan lortutako garaipenarekin, Bigarren Mailatik pauso batera dago Concepto Egile areto futbol taldea, baina, orain arte bere 25 urteko historian eman duen pausorik zailena izango da Debabarrena F.S. klubeko talde nagusiarentzat.
 Izan ere, parekotasun handia erakutsi zuten bi taldeek Bartzelonan jokatu zuten joaneko partidan. Lehen minutuetan errespetu handia erakutsi zioten elkarri, hutsik ez egitea baitzen bi taldeen helburu nagusia. Urduritasunak baretzen joan ahala iritsi ziren lehen gol aukerak, eta 12. minutuan sartu zuen estreinako gola etxeko taldeak. Roger Bonet jokalariaren jaurtiketa gogor batekin aurreratu zen talde kataluniarra. Concepto Egileko jokalariek bizkor erreakzionatu zuten eta minutu bat beranduago iritsi zen Buitreren lehen gola. Berdinketa apurtu zuen gola ere kataluniarrek sartu zuten ordea, Mario Litranen bitartez. Halaxe, 2-1, iritsi ziren atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean, erasotzeari laga gabe gol gehiago ez jasotzeko asmo argiarekin kantxaratu ziren jokalari gipuzkoarrak, eta lortu zuten euren helburua. Zortzigarren minutuan gainera, falta jaurtiketaz lortu zuen Buitrek berdinketaren gola.

Garaipenaren gola, bost segundoren faltan

Liga txapelketa irabazi zuten eguneko argazkia.

Binako berdinketa eta gero, markagailua ez zela gehiago mugituko ematen zuen, baina usteak erdi ustel. Partida amaitzeko bost segundoren faltan, area inguruan baloi bat lapurtu eta Concepto Egileren hirugarren gola sartu zuen Buitrek, hat-tricka osatuz. Azken jokaldian, hil ala bizi, atezainik gabe jokatu zuen etxeko taldeak, eta beste gol bat jasotzeko zorian egon zen, baloia lapurtu eta gero zutoina jo zuen eta Conceptoko Fher jokalariak egin zuen azken jaurtiketak.
  • Datorren zapatuan, maiatzaren 25an, erabakiko da igoerako kanporaketa, Olaizaga kiroldegian jokatuko den itzulerako partidan. 18:30ean hasiko da partida.

Lotura duten albisteak: