Gazteek dituzten aisialdirako joeren eta premien inguruko diagnosia abiatuko du Udalak

elgoibarren.net 2013ko mai. 21a, 11:43

 
Elgoibarko Udalak eta Eroski Fundazioak elkarlanean aztertuko dituzte Elgoibarko gazteen aisialdirako “joerak eta premiak” zeintzuk diren. Hurrengo sei hilabeteak emango dituzte horretan, eta diagnosi batean jasoko dituzte emaitzak. Ekimenak, 13 eta 30 urte bitarteko gazteen aisialdi-ohiturak eta alkoholaren kontsumoa aztertuko ditu, besteak beste.

 


  Maialen Arangurenek, Elgoibarko Udaleko Gazteria teknikariak, gazteen aisialdi ohituren inguruko diagnosi parte hartzailea egingo dutela azaldu du. “Gazteek hartuko dute parte bai diseinuan eta bai egin asmo diren ekintzen prestaketan ere". Datorren hilean jarriko dute martxan diagnosia eta abendurako jasotako datuak eta ateratako ondorioak aurkezteko moduan izango direla aurreikusten dute.

  Prozesu honetan, “gazteek euren ohituren gaineko hausnarketa egiteko eta parte-hartzea eta elkarreragina sustatzeko” balio dezaketen datuak jasoko nahi dituzte, eta “datu horien ondorioekin, ekimenaren sustatzaileek ekintza-plana diseinatu ahal izango dute”, gaineratu du Arangurenek.
  • Proiektua ekainean abiatuko da, Elgoibar Ikastolan, Institutuan, IMHn eta Mekan egingo diren aurkezpenekin. Sustatzaileek “profil ezberdineko” gazteak erakarri nahi dituzte egitasmora, eta beraiekin batera prestatu, urria aldera, ikastetxe horietan bertan izango diren elkarrizketak eta inkestak.
  • Gazteek eta zentroetako arduradunek emandako datuekin, uztailean, egoeraren diagnosia diseinatuko da, eta informazio-diptiko bat aterako da, “gazteen artean dagoen alkohol kontsumoari buruz sentsibilizatzeko”.
  • Diptikoan, Eroski Fundazioak dagoeneko prestatua duen materialaren berri emango da, eta  irailean Eroskik herrian dituen dendetan liburuxka bat banatuko diete herritarrei.
  • Urrian, zenbait inkesta egingo dituzte gazteek dituzten aisialdi ohiturak eta joerak aztertzeko, eta, azkenik, lortutako datu eta ondorioekin, ekintza-plana diseinatuko dute.
Alkoholaren kontsumo arduratsua sustatu

1706637569018 Gazteek dituzten aisialdirako joeren eta premien inguruko diagnosia abiatuko du Udalak

“Baditugu erremintak gazteen beharrak asetzeko, baina egoeraren diagnosi zehatza behar dugu horiek behar bezala erabili ahal izateko”, azaldu du Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak. Era berean, alkoholaren “kontsumo arduratsua sustatzeko” balioko dutela jasotako datuek uste du alkateak. Bere ustez, asko jaitsi da alkoholaren salmenta zapatuetan eta Elgoibarrera etortzen den jende kopuruak ere behera egin duela adierazi du. “Gazteek beste aisialdi ohitura batzuen alde egiten dutelako izan daiteke, hor daude gazteen lokalak, kirol jarduerak, e.a.”, esan du Etxeberriak.
 Horixe da, hain justu ere, diagnosia eginez jakin nahi dutena: “Gazteek Elgoibar nola ikusten duten jakin nahi dugu. Zein diren euren aisialdirako joerak, zer behar dituzten, zer botatzen duten faltan, zeri ematen dioten garrantzia, ze etekin aterako liekete eurek Gaztetxeari edo kiroldegiari, esaterako, beste modu batean kudeatuz gero… Udalaren politikak bideratu ahal izateko beharrezkoa da informazio hori guztia. Era berean, gazteak eurak konturatzea nahi dugu, badirela errealitate ezberdinak alkoholaren kontsumoan oinarritutako aisialdiaz harago”.

 Eroski Fundazioko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoak gazteak eta alkoholaren gaia “360 graduko enfoke batekin” aztertu behar dela defendatu du. “Gizarte arazo bat da eta ez da soilik neurri polizialekin konponduko, horiek ere ezinbesteko neurriak diren arren”, esan du.