Viento Sur taldeak 15 puntuko aldeari buelta eman beharko dio Eibarren

elgoibarren.net 2013ko mai. 22a, 09:45

 
Viento Sur saskibaloi taldeak igoera kanporaketako joaneko partida jokatu zuen domekan Olaizaga kiroldegian. Elgoibartarrek Eibarko Ruibal Alquiler de Vehiculos taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, Debabarreneko taldeen arteko derbyan, eta eibartarrek irabazi zuten partida 49-64 emaitzarekin. Hortaz, 15 puntuko aldeari buelta eman beharko diote elgoibartarrek itzulerako partidan.



 Kanporaketari buelta ematea zaila izango den arren, Viento Sur taldeko kideek ez dute Gipuzkoako Lehen Mailara igoera lortzeko itxaropena galdu, eta "oraindik posible" dela uste dute. Liga erregularrean sailkapeneko laugarren postuan amaitu zuten eibartarrek eta zazpigarren postuan elgoibartarrek; 18 partida irabazi zituzten lehenek eta 16 bigarrenek. Beraz, joaneko partidan eibartarrak abantaila lortu duten arren, antzerako maila erakutsi dute bi taldeek eta edozer gerta daiteke "hil ala bizikoa" izango den partidan.

 Itzulerako partida Eibarko kiroldegian jokatuko da zapatuan (maiatzak 25), 16:30ean hasita.
 
Lotura duten albisteak: