Infantil mailako Euskadiko Eskubaloi Txapelketa jokatu zen asteburuan Durangon. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko txapeldunek jokatu zuten elkarren aurka, eta Elgoibarko Murgil Eraikuntzak taldea izan zen Gipuzkoako ordezkaria, aurreko asteburuan Gipuzkoako txapelketa irabazi zuten-eta.
Arabako txapeldunen aurka {Mendebaldea taldea} jokatu zuten elgoibartarrek zapatu goizean, eta norgehiagokak ez zuen kolorerik izan, 5-33ko emaitzarekin irabazi zuten-eta Sanloko neskek. Zapatu arratsaldean jokatu zuten bigarren partida lehiatuagoa izan zen. Basauri taldeko neskek estu hartu zituzten elgoibartarrak. Denboraldiko partidarik garrantzitsuena zen bi taldeentzat, Euskadiko txapela jokoan baitzegoen. Urduri hasi zuten partida Murgilekoek eta lau goleko errenta (4-9) izatera iritsi ziren basauriarrak. Bederatzinako berdinketa lortu ostean, baina, goitik behera aldatu zen partiduak hasieran hartu zuen joera eta Lorea Gabilondok entrenatutako jokalariak pixkanaka nagusitzen hasi ziren jokoan zein markagailuan. Azkenean, 23-20ko emaitzarekin amaitu zen partidua eta Euskadiko titulua eskuratu dute elgoibartarrek.
•Kopako finala jokatuko du Tecnifuellek
Tecnifuelle Elgoibar senior nesken taldeak Kopa Txapelketako finala jokatuko du Aloña Mendi taldearen aurka, zapatuan (ekainak 1) Olaizaga kiroldegian. Mailaz igotzea lortu eta gero beste titulu bat eskuratuta denboraldiari agur esateko aukera izango dute elgoibartarrek sasoiko azken partidan. 17:00etan hasiko da partida.
•Alcortak Kopako finala galdu du
Alcorta Forging Group senior mutilen taldeak ere lortu du Bigarren Nazionaleko Kopa txapelketaren finalera iristea. Finala Zumarragan jokatu zen zapatuan eta Eibarko Somos Eibar taldearen aurka neurtu zituzten indarrak elgoibartarrek. Lehia estuaren ostean Eibar aldera joan zen titulua, 23-22ko emaitzarekin irabazi zuten-eta partidua.
∞Lotura duten albisteak:
- Sanloko infantil neskak, Gipuzkoako txapeldun (2013-05-22)
- Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzea lortu du Tecnifuellek (2013-05-13)
- Tecnifuellek etxean jokatuko du Zilarrezko Mailara igotzeko kanporaketa fasea, bigarrengoz jarraian (2013-05-03)
- Tecnifuelle Euskadiko txapeldun, bigarren urtez jarraian (2013-04-22)
- Tecnifuellek Euskadiko txapela defendatuko du etxean (2013-04-16)
- Laukok ezin izan du Euskadiko Txapelketako azken fasea eskuratu (2013-04-08)
- 300 jokalari eta 17 talde, urtetik urtera handituz doa Sanloren familia (2012-10-01)
- Sei kopa gehiago Sanloren garaikurren bilduman (2012-05-28)
- Granollers talde kataluniarra txapeldun (2012-04-29)
- Tecnifuelle Elgoibar Sanlo, Euskadiko txapeldun (2012-03-13)