Gipuzkoako Foru Aldundiak esana zuen langileei grebagatik ordainduko ez dien soldataren zatia deskontatu egingo zuela adinekoen egoitzak kudeatzen dituzten enpresei hilero ordaintzen dien tarifatik. Horri erantzutera dator orain San Lazaro egoitzakoen prentsa oharra. Idatzi horrek dio apirilaren 26an gutun bat bidali zutela Foru Aldundira, egoiliarrek greba egunei zegokien ekarpen osoa egin behar zuten edo eskaini gabeko zerbitzuen parte proportzionala kendu behar zuten galdetzeko. Itxuraz, baina, ez dute oraindik erantzunik jaso Foru Aldunditik, eta ondorioz zera erabaki dute: Diputazioak San Lazaro Egoitzari aplikatzen dion murrizketa horren araberakoa aplikatzea egoiliarrek ordaintzen dituzten kuotei.
Prentsa ohar berean Elgoibarko Udalak dio “lan gatazka konpontze aldera” prest dagoela hitzarmena gauzatu ahal izateko egokitzat jartzen den zenbatekoa jartzeko, beti ere gero Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbateko hori bere gain hartzen badu, Elgoibarko Udalaren aldeko zor gisa. Hau da, prest dago diru hori jartzeko, beti ere zenbateko hori ez badute gero San Lazaro Egoitzaren defizit gisa hartzen. Izan ere, 2014an Diputazioaren esku gelditu beharko lirateke berez adinekoentzako zentroak, baina horretarako baldintza bat jartzen du Foru Aldundiak: zorrik ez izatea [Elgoibarko Udalak emandako datuen arabera, gaur gaurkoz San Lazaro egoitzak ez dauka zorrik]. Lerro hauek idazteko unean, Diputazioaren erantzunaren zain zeuden San Lazarokoak.
- Udalaren prentsa oharra (PDF)
•BIDEOA: Lan gatazka honetako alde ezberdinen ikuspuntuak eta iritziak.
∞Lotura duten albisteak:
- San Lazaro egoitzako lan gatazka: alde guztien ikuspuntuak (2013-05-24)
- San Lazaro egoitzako langileek egun osoko protesta hasi dute (2013-05-13)
- Udalak adierazi du ez daukala erantzukizunik zahar etxeen auzian (2013-05-18)
- Eguneko zentroa kudeatzen duen enpresarekin akordiorako oinarriak lotu ditu ELAk (2013-05-16)