Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen ardura da berez KZguneen funtzionamendua arautzea eta beharrezko diren baliabide pertsonal, teknologiko eta didaktikoak ezartzea. Elgoibarko lokala, berriz, Udalarena da, eta Udalak du lokalaren gaineko erantzukizun zibila. Hau da, beharrezko diren aseguruak kontratatu eta segurtasun neurriak betetzen direla egiaztatzeko ardura du Udalak. Era berean, lokalaren mantenua ere Udalak hartzen du bere gain, eta baita KZgunean egiten denaren berri ematea ere, horretarako aldizkari ofiziala eta bestelako bitartekoak erabiliz.
Aurrez esan bezala, astelehenetik aurrera goizez bakarrik (9:00-13:00) zabalduko dute Elgoibarko KZgunea. Gaur arte, arratsaldez ere (16:00-20:00) zabalik egon da. Duela 12 urte ireki zuten KZgunea Elgoibarren.
•Mendaron ere murrizketak
Mendaron ere badago KZgune zerbitzua. Honek ere murrizketak izan zituen, baina orain dela bi hilabete inguru ezarri zituztela jakinarazi dute Mendaroko Udaleko arduradunek. Ordura arte, hilean lau alditan irekitzen zuten Mendaroko Kzgunea, 16:00etatik 20:00etara. Orain, aldiz, bi bider bakarrik irekitzen ditu ateak Jaurlaritzak eskaintzen duen zerbitzuak, eta, gainera, ordutegi murritzagoan: 16:00etatik 18:00etara.
•KZGuneak ez ixteko kanpaina
KZguneak ez itxi lelopean, kanpaina hasi dute KZguneetako langileek eta erabiltzaileek Interneten. Batetik, KZguneak ixteko Jaurlaritzak dituen asmoen berri ematen duten bloga sortu dute; eta, bestetik, sinadurak biltzen ere hasi dira.