Goizean goizetik hasi ziren Mintza Egunerako antolatutako ekintzak. 11:00etan ongi-etorria egin zieten kanpotik etorri ziren mintzalagunei, Maalako parkean. Beinke bertso eskolako kideek kantuan eman zieten ongi-etorria, eta aurreskua dantzatuz eman zitzaion hasiera Mintza Egunari. Maalako parkean jarri zuten karpan hamaiketakoa egin ostean, ibilaldi gidatu bat egin zuten Elgoibarren barrena, Pello Arrieta historialariarekin. Arrietaren azalpenak adi-adi entzun eta noizean behin euskal kantak abestu zituzten Elgoibarren batu ziren dozenaka euskaltzaleek. Gero, kalejira egin zuten dultzaineroekin. Amaieran Maalako karpan batu ziren berriro, elkarrekin bazkaltzeko.
•Sei saritu
Bazkalostean, Mintza Egunetako urteroko ohiturari jarraituz, hainbat sari banatu zituzten antolatzaileek. Guztira sei sari banatu zituzten, eta horietako bat Elgoibarko Izarra kultur elkarteak jaso zuen, Elgoibar euskaldunago egiteko egindako ahaleginarengatik. Gainerako sarituak honako hauek izan ziren: Iñaki Muniategi berbalagun getxoztarra, Jesus Mendia mintzaki iruñearra, David Kerthoff eta Cristina Buizer herbehereetan jaio eta Bergaran bizi den bikotea, iazko abuztuan hil zen Arrate Berrizbeitia berbalagun eibartarra (amak jaso zuen saria), eta, azken saria Donostiako Bagera elkarteak jaso zuen. Euskararen alde egindako ahaleginagatik nabarmendu zituzten guztiak, euskarari mingain gehiago eta espazio berriak emateko egindako ahaleginagatik.
Ez ziren hor amaitu ekitaldiak, Mp5 talde eibartarrak dantzan jarri zituen-eta euskaltzaleak, beherago duzuen bideoan ikus daitekeen moduan.
•ARGAZKIAK:
•BIDEOA:
∞Lotura duten albisteak: