Azkoitiko San Juan futbol zelaian jokatu zen Kopako txapelketako finala, joan den zapatuan. Denboraldiko bi talderik onenak ailegatu ziren finalera. Batetik, Liga txapelketa irabazi eta Euskal Ligara igotzea lortu duen Elgoibarko taldea, eta, bestetik, Liga txapelketa bigarren postuan amaitu zuen Mutrikuko taldea.
Tentsio handiko partida izan zela azaldu dute jokalari elgoibartarrek eta, aitortu dute bi taldeek izan zituztela titulua irabazteko aukerak, joan etorriko partida izan baitzen. Mutrikuarrak aurreratu ziren markagailuan, baina Oihiana Chico eta Teklasek entrenatutako neskek berdinketaren gola sartu zuten berehala. Laurik sartu zuen elgoibartarren aldeko lehen gola, Anek ateratako korner bat errematatu eta gero. Berdinketaren ostean erasora jo zuen taldeak eta Mireiak sartu zuen bigarren gola, Mutrikuko atezainari eskuetatik ihes egin zion baloia sare barruan sartuz. Emaitza horrekin (2-1) ailegatu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran bina berdintzea lortu zuten mutrikuarrek, baina partida amaitzeko hamabost minuturen faltan iritsi zen elgoibartarren garaipenaren gola. Norak egindako jaurtiketak zutoinean jo ostean, Mayik jaso zuen alderatutako baloia eta sare barrura bultza besterik ez zuen egin behar izan. Goleatzaileez gain, aipagarria da Elgoibarko atezainak eginiko lana, geldiketa bikainak egin zituen-eta Lohik.
Azkoitiraino joan ziren zaleen babesak eta animoek ere eskertu dituzte. "Animatzera joan ziren lagun, ezagun, familia eta klubeko jendea eskertu nahi dugu". Mutrikuarrak ere zoriondu nahi dituzte, erakutsitako kiroltasunagatik eta egin duten denboraldiarengatik.
∞Lotura duten albisteak:
- Mailaz igotzea lortu du CD Elgoibarko nesken taldeak (2013-03-20)
- Kopa txapelketa irabazi du CD Elgoibarko emakumezkoen taldeak (2012-05-15)