Koadrilen arteko Txaranga lehiaketa antolatu du Kultura Sailak sanbartolomeetarako

elgoibarren.net 2013ko eka. 5a, 14:22

 
Herriko koadrilen parte hartzea sustatzeko asmoz, San Bartolome jaietarako Txaranga lehiaketa antolatu nahi du Udaleko Kultura Sailak. “Gure asmoa ez da txaranga profesionalek parte hartzea, koadrilen partaidetza bultzatzea baizik", adierazi dute udal arduradunek.

 


  Txaranga lehiaketaren deialdiak arrakasta baldin badauka, araudi bat prestatuko dutela jakinarazi dute Kultura Saileko arduradunek. Lehiaketan izena emateko 18 urtez gorakoa izatea da baldintzetako bat. Era berean, txaranga bakoitza gutxienez zazpi kidek osatu beharko dute, eta lau musika tresna ezberdin jo beharko dituzte txarangakideek. Aurrekoaz gain, Txaranga lehiaketa ez da egun jakin eta bakar batean egingo, aitzitik, hainbat egunetan girotu beharko dituzte herriko kaleak, abuztuaren 23tik 31ra bitartean.
  Ekainaren 20an amaituko da izena emateko epea. Eta, izena ematen duten talde kopuruaren arabera erabakiko du Kultura Sailak lehiaketarekin aurrera egin ala ez, oraingoz, “lehiaketa proposamena” dela zehaztu dute-eta.