Denboraldia biribiltzeko, Kopako txapeldun

elgoibarren.net 2013ko eka. 5a, 15:14

 
Aparteko denboraldia egin du aurten Tecnifuelle senior emakumezkoen eskubaloi taldeak, parte hartu duen txapelketa guztiak irabazi ditu-eta, Gipuzkoako Kopa Txapelketa azkena.




 Liga txapelketa irabazi zuten lehenik. Elgoibarren jokatu zen Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketan nagusitu ziren gero, eta horrekin, emakumezkoen eskubaloiko dibisiorik gorenetik urrats batera dagoen mailan aritzeko eskubidea. Orain, berriz, denboraldiko azken txapelketa irabazi du Tecnifuellek: Gipuzkoako Kopa.
  Okerreko hankarekin hasi zuen Sanloko senior nesken eskubaloi taldeak Kopa txapelketa, lehen partida galdu egin zuten-eta Egia Bera Bera taldearen aurka. Alabaina, gora behera askoko txapelketa izan da, eta hiru taldek berdinduta amaitu dute lehen postuan: Tecnifuellek, Egia Bera Berak eta Zarautzek. Hiru taldeen artean, baina, Elgoibarkoak zituen zenbakirik onenak, sartutako eta jasotako golen aldeari eta elkarren aurkako partiduetako emaitzei erreparatuta. Gauzak Horrela, joan den zapatuan Olaizaga kiroldegian Aloña Mendi taldearen aurka jokatutako partidako emaitza erabakigarria izan da, Elgoibartarrek 29-15 hartu zituzten-eta mendean oñatiarrak. Honenbestez, iaz lortutako tituluari eutsi diote Igor Lizarraldek entrenatutako jokalariek.
Hiru jokalari Euskadiko selekzioarekin
 Tecnifuellek aurten erakutsi duen mailaren erakusgarri da, orain gutxi taldeko hiru jokalari hautatu zituztela Euskadiko selekzioarekin jokatzeko. Oihane Gomez, Ainara Lopez eta Cyndi Birberg jokalariek Lau Nazioen Txapelketa jokatu zuten Carballon (Galizia), Imanol Alvarez hautatzaile ermuarraren aginduetara. (Informazio osoagoa: sanlo.net)