Mailaz igotzeari uko egin behar izan dio Concepto Egilek, diru kontuengatik

elgoibarren.net 2013ko eka. 6a, 11:52

Denboraldi aparta egin ostean, Bigarren Mailara igotzea lortu zuen Concepto Egile areto futbol taldeak. CD Debabarrena klubak, baina, ezin izan dio kantxan lortutakoari bulegoetan eutsi. Hala, Bigarren Mailari aurre egiteko aurrekontu nahikoa batu ez dutela-eta, uko egin dio mailaz igotzeari.



 “Pena izugarriarekin” hartu dutela erabakia adierazi du CD Debabarrena areto futbol taldeko presidente Jose Ramon Iriartek. Mailaz igotzeko aukera lortzeko modukoa zela ikusi zuten unetik, hau da, joan den otsailetik, Bigarren Mailan aritzeko aurrekontua osatzeko lanean hasi zirela azaldu du. Alabaina, egin dituzten ahalegin guztiak ez direla nahikoa izan aitortu du, atsekabetuta. Izan ere, Bigarren Mailan aritzeko 250.000-300.000 euro inguruko aurrekontua beharko luke klubak, baina zifra horietatik urrun geratu dira. “Babesle pribatuengana jo dugunean ekonomia krisiaren eragina izugarria dela egiaztatu dugu. Kopuru txikiak eskatu dizkiegun arren, ezezkoak jaso ditugu bata bestearen atzetik, eta ulertzekoa da, gauden egoeran egonda”.
Irizpide aldaketak diru laguntzetan
 Erakundeen laguntzari dagokionez, kirol taldeei ematen zaizkien diru laguntzetan irizpideak aldatzen ari dela Gipuzkoako Foru Aldundia argitu du Iriartek. “Elitean dauden klubei eta taldeei bakarrik emango dizkiete laguntzak aurrerantzean, eta gure mahai gainean jartzeko prest zeuden laguntza ez zen inondik ere nahikoa Bigarren Mailan duintasunez aritzeko”, dio. Elgoibarko Udalak dirurik jarri ez duen arren, laguntzeko prestutasuna agertu duela dio Iriartek. Olaizaga kiroldegiak Bigarren Mailako partidak hartu ahal izateko eskatzen dizkiguten baldintzak bete eta aldaketak egiteko prest agertu dira, baina, tamalez, ez dira beharrezkoak izango”.

 Historikoa izan den igoera gauzatu gabe, “ate aurrean sartu gabe”, geratzea modukoa dela uste du klubeko presidenteak, eta horrelako aukera bat berriz suertatzea zaila izango dela gaineratu du. “25 urteko ibilbidearen ostean denboraldi historikoa egin dugu aurten. Ia partidarik galdu gabe Liga irabazi, eta igoerako kanporaketa jokatzeko sailkatu ginen. Gero, playoffetako bi partidak irabazita lortu genuen mailaz igotzea. Ez dakit noiz izango dugun horrelako beste aukerarik”, hausnartu du Iriartek.

•Entrenatzaile berriaren bila
  Une gogorrak bizi dituzten arren, klubeko arduradunak hasi dira denboraldi berria prestatzen. Denboraldi zaila aurreikusten du presidenteak. Batetik, aurtengoa baino aurrekontu txikiagoa izango dutelako, eta, bestetik, talde guztiek irabazi nahi izango diotelako denboraldiko “talde dominatzailea” izan den Debabarrenari. Era berean, Juanan Rodriguez entrenatzaileak ez duela taldean jarraituko aurreratu du Iriartek. “Azken hiru urteak eman ditu gurekin. Ahalegin handia egiten zuen Tolosatik Elgoibarrera astean lau bider etortzeko, eta esfortzu hori Bigarren Mailan egoteko nahikoa izan ez dela ikusita, jarraitzeko indarrik ez zuela jakinarazi digu”. Entrenatzaile berriaren bila hasita daudela aurreratu du eta lehenbailehen topatzea komeni zaie, egin duten denboraldi biribila eta gero, Concepto Egileko jokalari batzuk “ezkongai” asko dituzte-eta fitxaketen merkatuan.

•Espainiako Kopa jokatzeko sailkatuta

 Sari nagusia {igoera gauzatzea} lortu ez duten arren, Espainiako Kopa txapelketa jokatzeko sailkapena eskuratu du Concepto Egilek {Liga txapelketako lehen hiru sailkatuek lortu dute}. Lehen Mailako, Bigarren Mailako eta Bigarren B mailako taldeek jokatzen dute Kopa txapelketa eta lehen hiru kanporaketan mailarik baxueneko taldearen etxean jokatzen da kanporaketa, partida bakarrera. Hortaz, Eliteko talde baten aurka jokatzeko aukera handiak izango ditu Elgoibarko taldeak.
 
‘Sumando Gehituz’ jaia, asteburuan
 Areto futbola gizarteratzeko asmoz, Sumando Gehituz jaia antolatu dute, bigarren urtez jarraian, CD Debabarrena taldekoek astebururako. Maalako parkean jarritako karparen bueltan zentratuko dute jaia. 19:00etan zabalduko dute Maalako karpa, barixakuan (ekainak 7). Ekitaldian, klubeko eta Elgoibarko Udaleko agintariek parte hartuko dute, eta Concepto Egile taldea omentzeko baliatuko dute une hori. Asteburu osoko egitaraua antolatu dute, hala ere. Tartean, zapatuan, bazkaltzeko elkartuko dira zuzendaritzakoak, jokalariak, gurasoak eta gertuko lagunak.
 
∞Lotura duten albisteak: