Europa Press berri agentziak zabaldutako informazioaren arabera, komunikatu baten bitartez eman du Urkijok helegitea jartzeko asmoaren berri. Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuak duen ordezkariaren iritziz, Elgoibarko Udalbatzarraren Osoko Bilkurak onartutako udal-ordenantzak asmo bakarra du: “"ETAko presoen senideen bidaiak diruz laguntzea". ETAko presoen aipamen zehatzik egiten ez badu ere, ordenantzaren benetako xedea horixe dela dio Urkijok, eta helburu hori hizkuntza manipulatuz “mozorrotzea” egotzi dio Urkijok Elgoibarko Udal Gobernuari.
“Amarru ezaguna da oso, baina ez diote ziririk sartuko zuzenbidezko estatuari”, adierazi du. Urkijoren esanetan “aurre egin” behar zaie Elgoibarko Udalak hartu duen erabakia modukoei, indarrean dauden legeak urratzen dituztelako, hain justu ere, “Terrorismoaren Biktimen Aintzatestea eta Erreparazioaren legea (4/2008 Legea), eta 9/2011 Legea, Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko” aipatu ditu Espainiako Gobernuaren ordezkariak.
•Aho batez onartu zen udal-ordenantza
Elgoibarko Udalbatzarraren Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen 'Espetxean dauden pertsonen senideentzako banakako garraio laguntzei buruzko' udal ordenantza. Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztien {EAJ, EHBildu, PSE-EE eta PP} babesarekin onartu zen. Hainbat arau eta baldintza jasotzen ditu ordenantzak. Batetik, Elgoibartik espetxera arteko bidea egiteko, kilometro bakoitzeko 0,10 euroko diru laguntza onartu zuten. Presoen familia bakoitzak 500 euro jaso ahalko ditu gehienez hilabete bakoitzeko, eta hilean hiru bidaia diruz lagunduko dituzte gehienez. Laguntzak jasoko dituzten familietako kideek Elgoibarren erroldatuta egon beharko dute, azken hiru urteetan. Era berean, presoek ere, espetxera sartu zituzten unean Elgoibarren erroldatuta egotea da beste baldintzetako bat. (irakurri osorik hemen: Udal ordenantzaren hasierako onarpenaren zirriborroa PDF)
Ordenantza ez da oraindik indarrean sartu. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 30 eguneko epean egongo da jendaurrean, eta alegaziorik ezean, behin betiko iragarpena egin beharko da, bigarrengoz, aldizkari ofizialean.
•AVT elkartearen salaketa
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) salatu egin du PP alderdiak Elgoibarren duen zinegotzi bakarrak ordenantzari eman dion babesa, “biktimak umiliatu eta ETAko terroristei mesede egiten dien zentzugabekeria berri hau salatu nahi dugu”, adierazi dute elkartearen webgunean zintzilikatu duten komunikatu batean. Galdera batekin bukatu dute idatzia: “Zertarako balio dute Carlos Urkijoren ahaleginek, ‘akatsak’ bere alderdikideek egiten badituzte?”.
B iktimen elkarteak eginiko salaketa honen harira, Francisco Javier Nuñez PPko zinegotziarekin harremanetan jarri da elgoiBARREN.net, baina gai honen inguruko adierazpenik ez egitea nahiago duela jakinarazi du Nuñezek.