Jagoba Arrasate, Haundiko jokalari eta entrenatzaile ohia, Realeko entrenatzaile berria

elgoibarren.net 2013ko eka. 7a, 18:02

 
Jokin Aperribay Realeko presidenteak prentsaurrekoan eman du berria: Jagoba Arrasate izango da Montanierren ordezkoa Realeko entrenatzaile karguan. CD Elgoibarko talde nagusiko jokalaria eta entrenatzailea izandakoa da 35 urteko berriatuarra. Ondoko argazkian, Jagoba Arrasate (Ezkerretik bigarrena, Molins presidentearen ondoan) Haundiko entrenatzaile izan zen sasoian, 2008an.

 
 Ez dela "esperimentuak" egiteko unea adierazi du Jokin Aperribayk Realeko entrenatzaile berria aurkezteko eman duen prentsaurrekoan. Philippe Montanier Realeko entrenatzaile ohiaren lan taldean egon da iragan denboraldian Jagoba Arrasate. Gazteen taldeak zuzendu zituen aurretik.

CD Elgoibarrekin lotura estua
  Jokalari moduan ibilbide oparoa eduki zuen Jagoba Arrasatek: Realeko jubenilen taldean (1995-1997), Eibar B (1997-2001), Lemona (2002-2003), CD Elgoibar (2003-2005), Portugalete (2005-2006) eta Amorebieta (2006-2007) taldeetan jokatu zuen. Hortaz, bi denboraldi eman zituen Elgoibarren (2004-2005 eta 2004-2006). Garrantzi handiko denboraldiak izan ziren gainera talde txurigorriarentzat. Lehenengoan Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen Haundik, eta lorpen horretan zerikusi handia izan zuten aurrelari bizkaitarrak sartutako golek. Haundirekin Hirugarren mailan jokatu zuen denboraldian ere maila onean aritu zen, eta talde askoren arreta bereganatu ostean, Portugaletek fitxatu zuen azkenean, nahiz eta denboraldia Amorebietan amaitu zuen, Portugaletek lagata. Amorebieta izan zen, hain zuzen ere, jokalari gisa aritu zen azken taldea. 29 urterekin laga zion futbol jokalari izateari.

CD Elgoibar entrenatzetik Realera

Arrasatek 2010ean laga zuen CD Elgoibar. Arg. Aitor (DV)

Botak zintzilikatu ostean, zelaitik aulkirako jauzia bere herriko taldearekin (Berriatuko FT) egin zuen, eta Preferente mailara igotzea lortu zuen. Entrenatzaile modura izan zuen lehen erronka nagusia, baina, CD Elgoibarko talde nagusia Hirugarren Mailan entrenatzea izan zen, 2008-2009 denboraldian. Elgoibarren entrenatzaile gisa egin zituen bi denboraldiak, jokalari gisa egin zituenak moduan, arrakastatsuak izan ziren oso. Lehenengoan zein bigarrengoan Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko sailkatu zen Haundi. Lehen denboraldian Burgos CF taldeak kanporatu zituen elgoibartarrak playoffetan eta, Arrasateren bigarren denboraldian Asturiaseko Marino de Luanco taldeak laga zituen igoeratik kanpo. Elgoibarren eginiko lanak ireki zizkion Realeko ateak, entrenatzaileen talderako fitxatu zuen-eta talde txuriurdunak. Donostian egin zituen lehen bi urteetan bi talde jubenilak entrenatu zituen. Lehenik Jubenilen Ohorezko Maila entrenatu zuen eta ondoren Easo taldea; azken honekin Euskadiko Kopa lortu zuen. 12-13 denboraldian Philippe Montanier entrenatzaile frantziarraren laguntzailea izan da.
Realaren webgunean iragarri dutenaren arabera, Jagoba Arrasateren aurkezpen ofiziala bihar (ekainak 8) egingo dute, 12:00etan, Anoetako Estadioan. Behin aurkezpenak eginda, Arrasateren lehen erronka Reala Txapeldunen Ligan sartzea da, atariko kanporaketa gaindituta.
 
CD Elgoibarren zorionak
 CD Elgoibar taldeak Realeko entrenatzaile berria zoriondu du. "Munduko zorterik onena opa diogu gureetako bati" idatzi dute Twitterren duten kontuan, eta Haundiko jokalari eta entrenatzaile ohia horren urrun iritsi izanaren arrazoiak, "sakrifizioan, ahaleginean, lanean eta, batez ere, Arrasatek beti erakutsi duen apaltasunean" daudela gaineratu dute.