Garaipena eta errekorra Iñigo Larizentzat Fuente Dé-ko kilometro bertikalean

elgoibarren.net 2013ko eka. 10a, 11:18

Ia astelehenero moduan, albiste onak dakartzate mendi lasterketetan diharduten gure ordezkariek. Kilometro Bertikalen Espainiako Kopako bigarren proba jokatu zen asteburuan Fuente De-n (Europako Mendiak, Kantabria). Gizonezkoetan Iñigo Lariz elgoibartarra izan zen azkarrena eta probako errekorra ondu zuen gainera, 39:37 denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, bigarren postuan sailkatu zen Maite Maiora mendaroarra, kilometro bertikalen munduko kopako txapelduna den Laura Orgue kataluniarraren atzetik.


 Espainiako Kilometro Bertikalen Kopa hiru lasterketek osatzen dute: Cara Amon (Barruera, Lleida), Fuente De (Kantabria) eta Torreon (Brañosera, Palentzia). Horietako bigarrengoa jokatu zen asteburuan kantabrian, Fuente De inguruetan. 200 lagunek parte hartu zuten eta Iñigo Lariz izan zen guztietan azkarrena.

Maite Maiora eta Iñigo Lariz Fuente De-n lortutako garaikurrekin. Arg: Iosu.

Ia bost kilometroko ibilbidean 900 metroko desnibel positiboa gainditu behar zuten mendi lasterkariek eta 39 minutuan eta 37 segundoan amaitu zuen proba elgoibartarrak. Denbora horrekin, laugarrengoz jokatzen zen Fuente De-ko kilometro bertikaleko errekor berria ezarri zuen Larizek. Amaiera estua izan zuen probak. Larizek zortzi segundoko aldea atera zion helmugan bigarren sailkatuari, Javier Gutierrezi. Javier Crespo sailkatu zen hirugarren, Larizengandik 22 segundora. Proba irabazteko faborito argienetakoa zen Raul Garcia Castan (Segovia, 1970) sailkatu zen laugarren postuan. Kilometro bertikalen Espainiako Kopako egungo txapelduna eta Munduko Kopako txapeldunordea da Castan, kirol ibilbide oparoan 76 lasterketa irabazi dituen antxitxikaria. Hortaz, meritu handiko garaipena eskuratu du Iñigo Larizek, Euskal Herriko Kilometro Bertikalen zirkuituko egungo txapeldunak. Horrenbestekoa, protagonista bera ere ezustean harrapatu duela garaipenak. Sinistu ezinda dago Lariz Kantabria aldean lortutako emaitzarekin. (ikus sailkapenak)

•Maiora txapeldunorde

Emakumezkoen podiuma. Ezkerrean, Maite Maiora.

Emakumezkoen proban goi mailako 26 atletek hartu zuten parte proban, tartean Maite Maiora mendaroarrak. Zegama-Aizkorri mendi maratoian eginiko lasterketa bikaina eta gero, sasoi puntu onean dago mendi lasterkari mendaroarra eta halaxe egiaztatu zuen Europako Mendietan jokatutako proban. Ezin izan zuen gainditu kilometro bertikalen munduko kopako txapelduna den Laura Orgue, baina ez zen katalunarrarengandik hurrunegi ere ibili. Minutu bat eta 11 segundoko aldea atera zion Orguek (45:30) Maiorari (46:41). Alba Xandri sailkatu zen hirugarren postuan, 50:07ko denbora eginda.