Mekatar-Iriondo Xake txapelketa azken txanpan sartu da

elgoibarren.net 2013ko eka. 12a, 10:33

 
Mekatar-Iriondo Xake Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte eguen honetan (ekainak 13) Iriondo tabernan (19:30). Finalak, berriz, domekan jokatuko dituzte. Joan den martxoan hasi zen txapelketan 36 xakelarik hartu dute parte.



 Elgoibar Xake Taldeak herritarrei xakea hurbiltzeko helburuarekin antolatu zuen I. Mekatar-Iriondo Xake Txapelketa. Horregatik jokatzen dituzte partidak Iriondo tabernan. “Ohiko txapelketetan baino giro lasaiagoa dute hemen xakelariek eta herritarrenganako gertutasuna ere handiagoa da”, azaldu du Mikel Leonek, Elgoibar Xake Taldeko presidenteak.
Lau xakelaririk erregularrenak
  Hiru hilabeteko lehiaren ostean, lau xakelari erregularrenak sailkatu dira finalerdiak jokatzeko. Batetik, Jose Luis Larrañagak eta Oscar Diez Txirolek jokatuko dute lehen finalerdia eta, bestetik, Juan Manuel Navarrok Mikel Leonen aurka jokatuko du. Finalerdiak eguenean jokatuko dira, 19:30etik aurrera, Iriondo tabernan.
 Lehian jarraitzen duten lau xakelariek maila handia erakutsi dute orain arte, baina Jose Luis Larrañaga eta Mikel Leon nabarmendu dira lauretan, partidarik galdu gabe iritsi dira-eta txapelketaren azken txanpara. Biek ere hamar partida irabazi eta bakarra berdindu dute. Juan Manuel Navarrok ere antzerako emaitzak lortu ditu, hamar partida irabazi eta bakarra galdu baitu. Oscar Diez, berriz, zortzi partida irabazi, bat berdindu eta hiru galduta sailkatu da finalerdietara. Xakean federatu gabe daudenen artean emaitzarik onenak lortu ditu Txirolek. Izan ere, txapelketa hau irekia da, eta federatutako zein federatu gabeko xakelariek hartu dezakete parte.

Ignacio Vazquez (ezk.) eta Juan Manuel Navarro.

Oscar Diez (ezk.) eta Roberto Kerexeta.


Finalak domekan
 Domekan, ekainaren 16an, jokatuko da final handia. Lehenik, umeen finala jokatuko dute Urko Iriondok eta Markel Kerexetak. 17:30ean hasiko da. Ondoren, 18:00etan, nagusien mailako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko da. Finala, 18:15ean hasiko da.
 
Lotura duten albisteak: