Mendaroko berri, haurren begietatik

elgoibarren.net 2013ko eka. 13a, 13:07

Mendaro Ikastolako LHko 6. mailako ikasle talde batek blog bat sortu du, Mendaron gertatzen denaren berri sarean emateko. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren azken ikuskizuna Mendaron eskaini zuten egunean { joan den ekainaren 7an} aurkeztu zuten jendaurrean euren egitasmoa, eta, bide batez, pailazo ezagunak elkarrizketatu zituzten kazetari gaztetxoek (ondoko argazkian).



  Mendarori buruzko informazioa jasotzen du Mendaroko Berriak izeneko blogak: Azken berriak, kultur eta kirol eskaintza, agendako ekitaldiak, e.a. Elkarrizketen atala ere badauka blogak. Hor, txakur jabe bat eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsi eginiko elkarrizketak irakurri eta entzun ditzakegu, pailazoei eginiko elkarrizketaren audioa jarri dute-eta. LH 6. mailako ikasleak daude proiektu honen atzean: Iosu, Aner, Eider, Leire, Ekhi, Janire, Iker, Sandra eta Naia.