Deitzaileek azaldutakoaren arabera, bi helburu zituen Baionako agerraldiak: batetik, euskal iheslari politikoen kolektiboaren estreinako ordezkaritza aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek zapatu honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Gainera, konponbiderako osatu duten bide orria mahai gainean jarriko dutela iragarri zuten. (Irakurri komunikatua PDFan)
Mintzaidetza taldea “urteetako hausnarketa eta barne eztabaidaren ondorioa” dela azaldu zuten iheslarien kolektiboko ordezkariek. Mintzaidetza taldeko ordezkarien artean da Josu Lariz elgoibartarra. Honako hauek dira gainerako ordezkariak: Tomas Linaza (Cabo Verde), Alfontso Etxegarai (Sao Tome), Raquel Garcia (Belgika), Josu Txutxo Abrisketa (Kuba), Eloi Uriarte, Lurdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarate, Jon Garmendia Txuria, Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espias (Ipar Euskal Herria).
"Urteetan zehar, gauza asko pasatu dira. Baina orain, bake prosezu batean gaude eta denon bultzada behar du, batez ere Euskal Herriak merezi duelako", adierazi du Josu Larizek Uruguaitik. Era berean, "elgoibartar guztiak" gonbidatu ditu ekainaren 15ean Miarritzen egingo duten ekitaldian parte hartzera.