Hellgoibarko Metal Gaua antolatu du Sinuosek zapaturako

elgoibarren.net 2013ko eka. 13a, 16:04

 
Hellgoibarko I. Metal Gaua antolatu du Sinuosek zapaturako. Markina Xemeingo A.D. taldeak eta Zarauzko The Brutal taldeek kontzertu bana eskainiko dute Maalako parkean, 22:30etik aurrera. Egiten duten musikak San Martin egunez gure bueltako baserrietan entzun ohi denaren itxura duela diote markinarrek. Zarauztarrek, berriz, kostaldeko irudi bat erabili dute euren musika definitzeko: "Galerna handi batek hondoa jotako itsasontzia kolpatzen duenean sortzen den soinuaren antzekoa da".



 Gaztelaniaz abesten dute markinarrek, eta euren esanetan, crossover estiloko musika egiten dute. Ander Unzalu (gitarra), Iban Ormaetxea (baxua), Ritxar Dominguez (bateria) eta Igor Aizpirik (ahotsa) osatzen dute taldea. 2000. urtean sortu zuten taldea, "80 eta 90 hamarkadetako underground taldeenganako lilurak bultzatuta". Urte horretan bertan grabatu zuten euren lehenengo lana, zortzi kantuko demoa, oso-osoan euskaraz. Ordutik, beste hiru lan grabatu dituzte, denak ere gaztelaniaz: Dias Oscuros eta Juicio final (2007) eta Martxa al abismo (2013). Euren buruaz diote, egiten duten musikak San Martin egunez gure bueltako baserrietan entzun ohi denaren itxura duela. Walls of Jeric, Etsaiak, Evolver, Cuernos de Chivo, The Devil, Mort Subite, eta antzeko taldeekin partekatu izan dute oholtza.

 The Brutal talde zarauztarra bost lagunek osatzen dute: Dani Aizpurua (gitarra), Aitor Manterola (gitarra), Roberto Prieto (baxua), Agustin Nothum (bateria) eta Ibon Esteibar (ahotsa). Anestesia, Brigada Slman eta Nothum taldeetan ibilitako jendea da, eta 2011an batu ziren, The Brutal sortzeko. Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abesten dute, eta bi lan grabatu dituzte orain artekoan: For your consideration (2012) eta Killing Machine (2013). Euren musikaz galdetuta honela definitu dute: "Galerna handi batek hondoa jotako itsasontzia kolpatzen duenean sortzen den soinuaren antzekoa da". Euskal Death Tribute Crew, S.A., Clorkwork, A.D, Urbangrind, Gamora... taldeekin jo dute, besteak beste.

Entzun hemen talde batak zein besteak egiten duten musika